Gutierrez 1984ko otsailaren 25ean hil zuen frankotiratzaile batek, errefuxiatu talde batekin Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoela. Euskara ikasketen atsedenaldian baserriaren atarira irten zenean buruan tiro bat jaso zuen eta bertan gelditu zen hilik. Hilketa GALek erreibindikatu zuen, baina orain arte inor ez da akusatua izan bere heriotzagatik. 29 urte zituen leioaztarrak. Argazkian, igandeko omenaldiko kartela / Etengabe.
2003ko azaroan, Guardia Zibilak terrorismoari buruz abiatu berria zuen webgunean, lehenengo aldiz onartu zuen Estatu espainiarrak Gutierrez eta beste 27 eukal herritarrak "GALen ekintza terroristen" biktimak izan zirela. El Mundo egunkariak hori salatu eta ordu batzuetara aipatu zerrenda kendu egin zuten. Eugenio Gutierrez Leioan jaio zen 1955ko urtarrilaren 14an eta ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatu zioten.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren irakurketa:
PSOE alderdi politikoa izan zen GAL taldea sortu eta bere bidez euskal militanteen aurkako gerra zikina bultzatu zuena. GALen bidez estatu terrorismoa burutu zuen PSOEren gobernuak, guztira 23 pertsona hil eta 60 baino gehiago zauritu zituztelarik. Estatu terrorismoaren aldeko hautua egin zuen PSOEren gobernuak, eta bertan zuzenean parte hartu zuten gaur oraindik orain alderdian ardura handiak dituzten politikariek. Ezin dugu ahaztu PNVk garai hartan GALen jardueraren aurrean izandako jarrera hipokrita zein izan zen, inolako arazorik gabe PSOErekin esku esku elkarlanean aritu baitzen GAL euskal herritarrak hiltzen ari zen momentuetan.
PSOEren gobernua izan zen GAL sortu eta bultzatu zuena, PNVren konplizitatearekin. 25 urte geroago PSOEren gobernua da GALek hildako herritarrak omentzea debekatzen duena PNV konplizitatearekin.
25 urte geroago, PSOEren gobernuak Euskal Herriaren aurkako gerra estrategiarekin bete betean jarraitzean duela agerikoa da. GALen garaiak atzean gelditu baziren ere oraindik orain tortura, ilegalizazioak, espetxe politika ankerra, atxiloketa masiboak eta erabateko jazarpena erabiltzen ditu PSOEren gobernuak herri honetako sektore oso baten aurka, GALekin zituen helburu berdinen bila.
Herri honetako gertaera ilunenak ezabatu nahi dituzte modu honetako debekuen bidez. Errepresioaren memoria ezabatu nahi dute, eta horri erantzuten dio omenaldiak debekatzeak edo errepresioak hildako euskal herritarren izenak daramatzaten plaza eta kaleei izena aldatzeak.
Errepresioaren aurkako borrokan garrantzia berezia hartzen du errepresioaren memoria egiteak. Gure aldetik dei egiten dugu errepresioaren aurkako borrokan jarraitzera, besteak beste errepresioak hildako euskal herritarrak oroituz.