Sute bat izan da goizaldean Pinuetako etxebizitza batean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 20a, 16:43

Taberna batean hasitako sute baten ondorioz hainbat auzokidek beren etxeak utzi behar izan dituzte gaur goizaldean Itzubaltzeta / Romoko Leioako aldean, Pinueta auzoan, Leioako Udalak jakinarazi duenez. Izan ere, goizeko 2:30ak aldera Nafarroa kaleko Hiru tabernan sute bat zegoela ohartarazi dio Ertzaintzari auzokide batek. Udal iturrien arabera, "berehala Udaltzaingoa, Ertzaintza eta suhiltzaileen dotazio bi bertaratu" dira. Ondoren, eraikinaren bizilagunak kaleratu dituzte sutea amatatu eta eraikinaren egoera ona dela ziurtatu arte. Horren ostean, ordu batzuk igarota, bizilagun guztiak euren etxeetara bueltatu dira bat izan ezik, lehen solairuan, tabernaren gainean, bizi den emakume nagusi bat, horri alabaren etxera joatea eskatu diotela. Sutea amatatuta, ondorioak eraikinaren fatxadan eta espaloian soilik ikusten dira, hauek belztu direlako. Bestalde tabernaren aurrean aparkatuta izan diren Seat Cordoba eta Wolskvagen Golf marketakoauto bik ere kalte arinak jaso dute. Suhiltzaileen aburuz sutea tabernaren barruko joko makinak eragindakoa izan da. Argazkian, suhiltzaile bat etxebizitza batean izandako sute bat amatatzen Leioan, artxiboko irudi batean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun