Ertzaintzako hogei bat poliziek apatxe leinuko dozena bat indio identifikatu dute gaur eguerdian, Itzubaltzeta / Romoko Inauterietan, auzokideen kritiken artean. "Euskal Herriaren irrintzia... autodeterminazioa" lelopeko auto karabanan herrian zehar ibili diren dozena erdi bat auto zelatatu eta jarraika izan dituzte Polizia autonomikoen bi autok eta bi furgonetak, antza D3Mren ekitaldi bat ei zelakoan, nahiz eta izen hori inon ez agertu. Autoak Ezekiel Agirre kalea eta Amaia etorbidearen arteko bidegurutzera heldu direnean, furgoneta batek aurretik eta beste batek atzetik bidea moztu diete ikurrinak eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko ikurrak eraman dituzten autoei. Ondoren, txanoak buruan, balen aurkako jakak soinean eta pilota jaurtigailuak eskuan, gidariak eta hainbat bidaiari identifikatzeari ekin diote ertzainek, eragin duten auto ilara luzea konpontzen saiatu diren bitartean. Pixkanaka, auzokideak batuz joan dira, gehienak indioz mozorrotuta, gaur cowgirl, cowboy eta indioen eguna baita Itzubaltzeta / Romon. Cowboy-en txaranga ere bertaratu da egoera surrealistari musika doinu gozoak jartzeko. Indioek dantzan eskertu diete. Bitartean, hainbat auzokidek ertzainei aurpegiratu diete "zalditeriaren 7. armada" izatea, "barregarri geratzea" eta "Espainiaren alde" egiten dutena "lan zikina" izatea. Azkenean, gertaera hasi eta 20 minutura, Balzaren neska-mutilek etorri diren lekutik alde egin dute, herritarren "alde hemendik, utzi bakean" oihuen artean. Normaltasuna berreskuratuta, umeen mozorro lehiaketa burutu dute Santa Eugenia plazan, 50 bat metrora. Argazki gehiago ikusteko, sakatu hemen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!