Ordu erdi beranduago "Tigre" plazan egitekoa zen bigarren ekitaldia hasteko prest 100 bat lagun bildu dira, baita istiluen kontrako materiala zuten dozenaka ertzain, kalez jantzitako polizi ugari eta hainbat telebista kamera ere. Ertzainen buruzagiek Velascoren aginduaren berri eman diete auzokideei, Gutierrez Salazar edozein modutan omentzea debekatzen duela gogoratuz. Era berean, plaza horretan edozein ekitaldi egitea ere galarazi diete, "GALen biktimak ez omen direlako ikusi behar diren biktimak" AAMko kideek egindako adierazpenetan (mp3) salatu dutenez. Gauzak horrela, herritarrek baimena eskatu dute gerra zikinaren aurka manifestazioa egiteko eta ertzainek ez diete oztoporik jarri, nahiz eta manifestazioari eskolta eman dioten. Ibilbidearen zehar, "Gerra zikina, Estatuaren ezina" izan da lelo nagusia. Martxan zehar independentzia, autodeterminazioa eta adierazpen askatasunaren aldeko aldarriak ere bota dituzte, baita "PSOE-GAL, berdin da" eta "PNV Espainiaren morroi" leloak ere, alderdi horietako egoitzen aurretik igarotzean. Manifestazioa bukatuta, gaurko debekua bezalako neurriekin "herri honetan gertaturiko gauza ilunenak ezabatu nahi dituztela" salatu dute AAMko kideek irakurritako komunikatuaren (mp3, erdia espainolez) bidez.
Gutierrez 1984ko otsailaren 25ean hil zuen frankotiratzaile batek, errefuxiatu talde batekin Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoela. Euskara ikasketen atsedenaldian baserriaren atarira irten zenean buruan tiro bat jaso zuen eta bertan gelditu zen hilik. Hilketa GALek erreibindikatu zuen, baina orain arte inor ez da akusatua izan bere heriotzagatik. 29 urte zituen leioaztarrak. Argazkian, igandeko omenaldiko kartela / Etengabe.
2003ko azaroan, Guardia Zibilak terrorismoari buruz abiatu berria zuen webgunean, lehenengo aldiz onartu zuen Estatu espainiarrak Gutierrez eta beste 27 eukal herritarrak "GALen ekintza terroristen" biktimak izan zirela. El Mundo egunkariak hori salatu eta ordu batzuetara aipatu zerrenda kendu egin zuten. Eugenio Gutierrez Leioan jaio zen 1955ko urtarrilaren 14an eta ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatu zioten.