Adostutako aurrekontuen bitartez, "guk baino diru gehiago daukaten Frantzia eta Nafarroari, ETAko presoei eta nazionalisten gurariei laguntzea eta, hizkuntz eskakizunen bidez, lan egin gura duten getxoztarrak baztertzea" egotzi zien joan zen ostiralean, otsailak 20, EAJ eta PSE-EEri Getxoko PPk. Marisa Arrue popularren tokiko bozeramailearen arabera, "Ibarretxe planarekin hertsiki lotuta" daude jelkide eta sozialistek hilaren 27ko udal batzarrean aurkeztuko dituzten kontuak. Gastu arrunta gutxitzeko aitzakian, "diru partida nazionalistetatik" 2.585.000 euro kendu nahi ditu Alderdi Popularrak. Euskal kultura eta euskalduntzea sustatzeko eta Udalbideri eta presoen senideei bideratutako ustezko laguntzetan edukiko luke eragina horrek, azken bi horiek erabat ezabatuz. "Gauden krisialdi garaian, zarama tasa %65 jaistea ahalbidetuko luke horrek. Aurrekontuetan proposatutakoari gehituta, orain arte defendatu dugun jaitsiera lortuko genuke horrela", azaldu zuen Arruek. Argazkian, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramailea (erdian) eta Jesus Toca Toña (ezkerrean) eta Eduardo Andrade (eskuinean) zinegotziak, aurreko prentsaurreko batean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!