Lazkaon PSE-EEk duen egoitza bonba batez leherrarazi dute gaur goizaldean ETAren izenean jardun dutela esan duten hainbat ezezagunek.
Berria.info-k zabaldu duenez, lehergailuak eztanda egingo zuela ohartarazteko deia egin diote DYAri. Lehenengo unean eztanda 2etan izango zela adierazi dute, baina ondoren zuzendu eta 3etarako abisua eman dute. Gauzak horrela, leherketaren unean ez da inor egon inguruetan eta kalte material handiak izan badira ere ez da zauriturik jazo. Ertzaintzak hartu du ikerketen ardura eta dagoeneko aurreratu du lehergailua zortzi bat kilokoa zela. Lazkaoko herriko etxea hilaren 2an zabaldu zuten. PSE-EEk eta alderdi politiko gehienek dagoeneko gaitzespen adierazpenak edota oharrak kaleratu dituzte. Bestalde, larunbat goizaldean, Donostiako eta Barakaldoko
batzokiei egin zieten eraso hainbat ezezagunek, kale erasoen bidez. Barakaldoko jelkideen egoitza izan zen kalte handienak pairatu zituena. Argazkian, ertzainak Areetan dagoen Abrako Erret Itsas Klubean, 2008ko maiatzaren 19an, hondakinen artean aztarnen bila.