Udaldiaren hasieran abiatuko dituzte Algortako Aiboa inguruko igogailua jartzeko lanak. Txakursolo kalea eta metro geltokia eta Arkotxa-Ormetxeko aldea lotuko ditu. 20 graduko malda izango duen igogailuak Ereagakoak daukan antzeko kabina panoramikoa edukiko du. Goi eta behe aldeetan geraleku bana egongo da, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatuz. Aipatu garraioa "jendetsua izateko jaioa ez bada ere", gune horretako bizilagun eta oinezkoei zerbitzua emango die, udal iturrien arabera. Arrapala gaineko igogailua “soluziorik onena da", Imanol Landa alkatearen hitzetan. Gaineratu duenez, "ziur nago inguruko auzotarrek oso ondo hartuko dutela, izan ere, metrora eta inguruetara errez iristeko aukera emango baitie”. Ziurrenera, urte amaierarako ibiliko da eta bere aurrekontua 1.550.000 eurokoa da. Espainiako Gobernuak onartutako tokiko erakundeei laguntzeko funtsaren dirua erabiliko dute horretarako. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia, ostegunean Aiboan emandako prentsaurrekoan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!