"Salbuespen egoera" salatuko dute bihar Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 24a, 18:11

Bihar, otsailak 25, hilabeteko azken asteazkenarekin bat eginez, Euskal Herriak bizi duen "salbuespen egoera" salatzeko mobilizazioak izango dira unibertsitateetan, Presoen Aldeko Taldeek (PAT) deituta. Horien artean, Erandio eta Leioako campusean egingo dute elkarretaratzea, "Salbuespen egoerari stop! Euskal Herriak demokrazia!" lelopean. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak gertu daudela, "Espainiar Estatuak eta Sabin Etxeak erabakia duten independentismoaren aurkako gurutzadaren" baitan ematen ari diren "erasoak" salatu nahi ditu otsaileko azken asteazkenean PATek. Hartara, biharko mobilizazioetan parte hartzeaz gain, martxoaren 1ean hautestontziak "bozka errebeldez betetzera" deitu dute. Leioa eta Erandioko campusean 11:30ean egin ohi dute kontzentrazioa. Argazkian, joan den ostegunean manifestazioa egin zuten gazte independentistek Leioako campusean.

PATen oharra:

Salbuespen egoerari stop! Euskal Herriak demokrazia!

Espainiar gobernuak benetako salbuespen egoera ezarria du Euskal Herrian, eta azken asteotako atxiloketa, legez kanporatze eta jazarpena horren adierazle argia dira. Gero eta herritar gehiago daude espetxean lan politikoa egite hutsagatik. Lan politikoa atxiloketekin, inkomunikazioarekin, espetxearekin eta sakabanaketarekin ordaintzen da Euskal Herrian. Independentista izatea debekatuta dago.

Azken egunek ondo erakusten digute zein den espainiar demokrazia. Zapatero eta Rubalcabak argi erakutsi dute independentismoaren aurka denak balio dutela, prest daudela oinarrizko eskubide demokratikoak lotsagabeki zapaltzeko bide honetan.

Euskal Herrian ez dago sufragio unibertsalik. Euskal herrian ez dago hauteskunde librerik. Euskal Herrian ezin du edonork hautagai izan. Euskal Herrian milaka laguni ukatzen zaie bozkatzeko eskubidea. Honetaz guztiaz gain, gaur esan dezakegu Euskal Herrian hauteskundeetara aurkeztu nahi izateak polizia operazio eta espetxea dakarrela ordainetan. Zein demokrazia eredu da hau?

Modu berean, argi gelditu da beste alderdi politikoak zein eroso dauden erregimen autoritario honetan. Azken egunotan izandako mitin eta ekitaldiek horrela erakusten dute. PNVk herri honetarako omen dituen 100 proposamen aurkeztu ditu. Baina ba al du proposamenik datorren hauteskundeetan herritar guztien aukera elektorala berdintasunean eman dadin? Ba al du proposamenik torturari aurre egiteko? Ba al du proposamenik independentistentzat eraikitako Guantanamo ixteko? Ba al du PNVk proposamenik errepresio basati honi amaiera emateko?

PNVren eskaintza bakarra Ertzaintza da, errepresioa. Ertzaintza PNVren zerbitzura dagoen polizia da, PNVren interes politikoen mesedetan aritzen dena. Espainiar gobernuaren errepresio estrategiarekin bat eginda dabiltza jeltzaleak, eta errepresio estrategia horren zerbitzuan lanean dabiltza ertzainak. PNVk herri honetarako dituen asmoak betetzeko beharrezkoa zaio polizia propioa izatea bere irizpideen baitan lan egingo duena.

Garbi gelditu da nork zer ulertzen duen demokrazian. Hautagai politikoak bahituak, espetxeratuak eta sakabanatuak dira eta klase politiko nagusia isilik dago. Ondoren legez kanporatutako zerrendetako norbait herritarren borondatearen arabera parlamentari aterako balitz, ez lukete inolako lotsarik izango bere parlamentari postua hartzeko, eskubide urraketa honetatik etekin elektoralak ateraz.

Eraso gehiago iritsiko dira, ziur, Espainiar Estatuak eta Sabin Etxeak erabakia baitute independentismoaren aurkako gurutzada bukaera arte eramatea. Bitartean mobilizazioaren eta herri presioaren bidez eraso hauei erantzuteko deia luzatzen dugu, otsailaren 25ean Azken Asteazkenarekin bat eginez unibertsitatean burutuko diren mobilizazioetan parte hartuz eta martxoaren 1eko hauteskundeetan hautestontziak bozka errebeldez betez.

Presoen Aldeko Taldeak (PAT)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun