Berbots Erandion Euskaraz! elkarteak antolatuta, asteazken honetan, otsailak 25, “Illimani: Boliviako izpiak eta hizkiak” izenburuko diaporama egongo da ikusgai, Astrabuduako Josu Murueta kultur etxean. Ekitaldian aipatu herrialdera iragan abuztuan egindako bidaian bizitakoak kontatuko dituzte Txomin Txueka argazkilariak eta Amets Arzallus bertsolari eta kazetariak: Evo Morales, kartzela, gasaren gerrako biktimak, kaleko zapata-garbitzailea, eta abar. Saioa iluntzeko 7:30etik aurrera izango da. Hala ere, biharkoa ez da Berbotsek aste hauetarako antolatutako ekitaldi bakarra. Martxoaren 11rako film laburren emanaldia (pdf) prestatu dute, 19:30ean, Josu Muruetan. Handik hiru egunetara Astigarragako Alorrena sagardotegira joango dira bazkaltzera, izena emateko azken eguna hilaren 8a dela. Bitartean, Kanpomartxo antolatzen jarraitzen dute Erandion. Apirilaren 26an ospatuko dute, Kukularran. Argazkian, biharko diaporama iragartzeko kartela.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!