Igandean errepresioaren aurkako "urrezko botoa" ematera deitu dute Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 25a, 16:39

Gaur bete dira 25 urte GALek Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” errefuxiatu leioaztarra erail zuenetik. Hori gogoratzeko, hainbat herritarrek agerraldia egin dute, eguerdian, Leioako Tigre plazan Gutierrez omentzen duen oroitarriaren inguruan. Igandekoa bezalako debekuen bidez, "errepresioaren memoria ezabatu" nahi izatea leporatu dio "orain 25 urte estatu terrorismoaren aldeko hautua egin zuen" PSOEri Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). "Orduan bezala orain ere horien konplizetzat" jo du EAJ; "nahiz eta azken hauen programa elektoralean terrorismoaren biktimei euren elkartasuna adierazteko prestutasuna adierazi", errepresioaren aurkako erakundeak kritikatu duenez. Bada, "inposizioekin, debekuekin eta zigorgabetasunarekin amaitzeko errepresioaren aurkako borrokan jarraitzera" deitu du euskal jendartea AAMk; baita "behingoz herri honek behar duen demokraziaren alde borrokatzera" ere. Igandeko hauteskundeak "horretarako urrezko aukera" da euren iritziz. Gauzak horrela, hautestontziak "urrezko bozez betetzera" deitu dute. Argazkian, Leioako Tigre plazan gaur izandako agerraldia.

Dignidad y Justicia talde ultra eskuindarrak horrela eskatu eta Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuak debekatu ostean, Gutierrez omentzea eragotzi zuen igandean Ertzaintzak. Azkenean, "Gerra zikinari babesik ez!" lelopeko manifestazioa egin zuten Leioan zehar. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez, "25 urte geroago, PSOEren gobernuak Euskal Herriaren aurkako estrategiarekin bete-betean jarraitzen duela agerikoa da". Euren hitzetan, "GALen garaiak atzean gelditu baziren ere, oraindik orain torturak, legez kanporatzeak, espetxe politika ankerra, atxiloketa masiboak eta erabateko jazarpena erabiltzen ditu herri honetako sektore handi baten aurka, GALekin zituen helburu berdinekin, hau da, Euskal Herriaren independentziaren aurka aritzea".

Leioako AAMk irakurritako adierazpena:

Egunon eta eskerrik asko etorri zareten guztioi.

Hemen bildu garen leioztarrak, gure herrikidea izan zen Eugenio Gutierrez "Tigre" gogoratu nahi dugu. Gaur, bere erailketaren 25. urteurrenean bera eta berarekin batera Euskal Herriaren alde borrokatu zutenak, orain borrokatzen dabiltzanak zein borrokatuko dutenak gogoratzeko asmoa eta beharra daukagu.

Eugenio Gutierrez Salazar "Tigre" 1984ko otsailaren 25ean hil zuen frankotiratzaile batek, errefuxiatu talde batekin Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoelarik. Euskara ikasketen atsedenaldian, baserriaren atarira irten zenean, buruan tiro bat jaso zuen eta bertan hil zuten.

29 urte zituen leioaztar gaztea, beste Euskal Herritarrekin batera "GALen ekintza terroristen" biktimatzat hartua izan zen, nahiz eta bere erailketagatik gaur egun arte inor akusatua ez izan. Gaur betetzen dira 25 urte "Tigre" erail zutela. Orduan gobernu espainolean zegoen PSOEk sortutako GAL taldeak bereganatu zuen erailketa, eta hau, zoritxarrez ez zen bakarra izan. PSOEren gobernuak GALen bidez, estatu terrorismoa burutu zuen, guztira 23 pertsona hil eta 60 baino gehiago zauritu zituelarik. Estatu terrorismoaren aldeko hautua egin zuen PSOEren gobernuak, eta bertan zuzenean parte hartu zuten, gaur oraindik orain, alderdian ardura handiak dituzten politikariek. Ezin dugu ahaztu PNVk garai hartan GALen jardueraren aurrean izandako jarrera hipokrita zein izan zen, inolako arazorik gabe, PSOErekin eskuz-esku elkarlanean aritu baitzen, GALek euskal herritarrak hiltzen ari zen momentuan. PSOEren gobernua izan zen GAL sortu eta bultzatu zuena, PNVren konplizitatearekin eta 25 urte geroago PSOEren gobernua da, GALek hildako herritarrak omentzea debekatzen duena PNVren konplizitatearekin, nahiz eta azken hauen programa elektoralean terrorismoaren biktimei euren elkartasuna adierazteko prestutasuna helarazi.

25 urte geroago, PSOEren gobernuak Euskal Herriaren aurkako gerra estrategiarekin bete betean jarraitzean duela agerikoa da. GALen garaiak atzean gelditu baziren ere, oraindik orain torturak, legez kanporatzeak, espetxe politika ankerra, atxiloketa masiboak eta erabateko jazarpena erabiltzen ditu herri honetako sektore handi baten aurka, GALekin zituen helburu berdinekin, hau da, Euskal Herriaren independentziaren aurka aritzea. Herri honetako gertaera ilunenak ezabatu nahi dituzte modu honetako debekuen bidez. Errepresioaren memoria ezabatu nahi dute, eta horri erantzuten dio omenaldiak debekatzeak, honen azken adibidea, pasadan igandean Leioan pairatu genuena, non Tigreren aldeko omenaldia debekatu zuten. Errepresioak hildako euskal herritarren izenak daramatzaten plaza eta kaleei izena aldatzeak ere errepresioaren memoria ezabatzeari erantzuten dio. Errepresioaren memoria egitea eta errepresaliatu guztiei dagokien aitortza politikoa onartzea garrantzia berezia hartzen du errepresioaren aurkako borrokan.

Hemendik dei egiten diogu Euskal gizarteari, inposizioekin, debekuekin eta zigorgabetasunarekin amaitzeko errepresioaren aurkako borrokan jarraitzera, eta behingoz Herri honek behar duen demokraziaren alde borrokatzera. Honetarako urrezko aukera daukagu hurrengo igandean, zeinetan urrezko bozez bete behar ditugun hautestontziak, besterik gabe... Jo Ta Ke.

Tigre gogoan zaitugu!

Entzun gaurko agerraldiaren audioa (mp3)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun