Ikasleak biharko klaustrora joatera deitu ditu IAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 25a, 18:33

Ostegun honetan, otsailak 26, EHUko Klaustroko bilera egingo dute Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan. Hori dela eta, Inaki Goirizelaia errektore berriari "mozorro euskaldun eta demokratikoa kentzeko" asmoz, bertan elkartzera deitu dute Ikasle Abertzaleek (IA). Salatu dutenez, "Goirizelaia da inongo eztabaidarik sustatu gabe, Bologna Prozesuaren aplikazioak aurrera jarraitzearen erruduna. Eta hori gutxi balitz, Iñaki Goirizelaia izango da, Tontxu Camposen dekretua EHUn martxan jarriko duena. Dekretu hori dela eta, 30 ikasle baino gutxiagoko titulazioek egunak kontatuta dituzte Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan". Gauzak horrela, "beste unibertsitate eredu baten aldeko oihua ozen entzunarazteko helburuarekin" deitu du mobilizazioa biharko IAk. Argazkian, Leioako campusean Bolognaren aurka egindako manifestazio baten artxibo irudia.

Ikasle Abertzaleen oharra:

Iñaki Goirizelaia errektore jaunak, ostegun honetan izango du bere lehen klaustroa errektore bezala. Baina ez da ezagutzen ez dugun errektore bat. Badakigu, bera izan zela azkeneko ikasleok errektoretzan sartu ginean, gu bortizki kaleratzeko agindua eman zuena. Era berean, bera da, inongo eztabaidarik sustatu gabe, Bologna Prozesuaren aplikazioak aurrera jarraitzearen erruduna. Eta hori gutxi balitz, Iñaki Goirizelaia izango da, Tontxu Camposen dekretua EHUn martxan jarriko duena. Dekretu hori dela eta, 30 ikasle baino gutxiagoko titulazioek egunak kontatuta dituzte Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan. Beste behin ere, unibertsitate honek interes ekonomikoak herri jakintzaren gainetik jartzea ahalbidetuko du Iñaki Goirizelaiak.

Guzti hau horrela izanda, iritsi da, errektore jaunak bere kanpainan jantzi zuen mozorroa kentzeko eguna. Bere mozorro euskaldun eta demokratiko horrekin ez gaitu ikasleok engainatuko. Errektore jaunak, lehengo lepotik dauka burua, eta hori ondotxo dakigu ikasleok.

Guk, beste unibertsitate eredu baten alde jarraituko dugu lanean. Euskalduna den unibertsitate bat nahi dugu. Benetan euskalduna dena. Demokratikoa, unibertsitate komunitate osoaren hitza kontuan hartuko duena, eta eztabaida sustatuko duena. Eta Euskal Herriaren beharrei erantzungo dien unibertsitate bat nahi dugu. Herriaren, eta herritarren zerbitzura egongo dena; enpresa pribatuen interes ekonomikoak alde batera utzita.

Guzti honegatik, Iñaki Goirizelaiari jantzi zuen mozorroa kendu behar diogulako, eta beste unibertsitate eredu baten aldeko oihua entzunarazi behar dugulako, ikasleriari, otsailaren 26an San Mameseko Ingeniaritza eskolan burutuko de klaustroaren kanpoan egingo dugun elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu nahi diogu.

Beste unibertsitate baten alde, ikasleok klaustroko kontzentraziora!
Bolognaren gainetik, ikasleria eraikitzera!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun