"Demokraziaren aldeko bozka" eskatu dute Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 25a, 20:21

Otsaileko azken asteazkenarekin bat eginez, hainbat mobilizazio deituak zituzten unibertsitateetan, gaur eguerdirako, Presoen Aldeko Taldeek (PAT). Gauzak horrela, Leioa eta Erandioko campusean, 50 ikasle inguruk egin dute elkarretaratzea, Euskal Herriak bizi duen "salbuespen egoera" salatzeko. Bide batez, igande honetako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan "demokraziaren aldeko bozka" ematera deitu dute. PATek salatu duenez, "alderdi politiko legalak hemen ezer gertatu ez balitz bezala kanpaina egiten ari diren honetan". "Gure bozka beraietako inorengana ez dela joango argi esan nahi dugu", gaineratu dutenez. "Torturaren aurkako, euskal preso eta iheslariak etxeratzeko, legez kanporatzeei aurre egiteko, errepresioa amaitu eta herri honi eskubideak ekartzeko eta konponbiderako" bozka eskatu dute Presoen Aldeko Taldeek. Argazkia: Gaztesarea.

PATek zabaldutako oharra:

Espainiar gobernuak benetako salbuespen egoera ezarria du Euskal Herrian, eta azken asteotako atxiloketa, legez kanporatze eta jazarpena horren adierazle argia dira. Gero eta herritar gehiago daude espetxean lan politikoa egite hutsagatik. Lan politikoa atxiloketekin, inkomunikazioarekin, espetxearekin eta sakabanaketarekin ordaintzen da Euskal Herrian. Independentista izatea debekatuta dago.

Azken egunek ondo erakusten digute zein den espainiar demokrazia. Zapatero eta Rubalcabak argi erakutsi dute independentismoaren aurka denak balio dutela, prest daudela oinarrizko eskubide demokratikoak lotsagabeki zapaltzeko bide honetan.

Euskal Herrian ez dago sufragio unibertsalik. Euskal herrian ez dago hauteskunde librerik. Euskal Herrian ezin du edonork hautagai izan. Euskal Herrian milaka laguni ukatzen zaie bozkatzeko eskubidea. Honetaz guztiaz gain, gaur esan dezakegu Euskal Herrian hauteskundeetara aurkeztu nahi izateak polizia operazio eta espetxea dakarrela ordainetan. Zein demokrazia eredu da hau?

Modu berean, argi gelditu da beste alderdi politikoak zein eroso dauden erregimen autoritario honetan. Azken egunotan izandako mitin eta ekitaldiek horrela erakusten dute. PNVk herri honetarako omen dituen 100 proposamen aurkeztu ditu. Baina ba al du proposamenik datorren hauteskundeetan herritar guztien aukera elektorala berdintasunean eman dadin? Ba al du proposamenik torturari aurre egiteko? Ba al du proposamenik independentistentzat eraikitako Guantanamo ixteko? Ba al du PNVk proposamenik errepresio basati honi amaiera emateko?

PNVren eskaintza bakarra Ertzaintza da, errepresioa. Ertzaintza PNVren zerbitzura dagoen polizia da, PNVren interes politikoen mesedetan aritzen dena. Espainiar gobernuaren errepresio estrategiarekin bat eginda dabiltza jeltzaleak, eta errepresio estrategia horren zerbitzuan lanean dabiltza ertzainak. PNVk herri honetarako dituen asmoak betetzeko beharrezkoa zaio polizia propioa izatea bere irizpideen baitan lan egingo duena.

Garbi gelditu da nork zer ulertzen duen demokrazian. Hautagai politikoak bahituak, espetxeratuak eta sakabanatuak dira eta klase politiko nagusia isilik dago. Ondoren legez kanporatutako zerrendetako norbait herritarren borondatearen arabera parlamentari aterako balitz, ez lukete inolako lotsarik izango bere parlamentari postua hartzeko, eskubide urraketa honetatik etekin elektoralak ateraz.

Alderdi politiko legalak hemen ezer gertatu ez balitz bezala kanpaina egiten ari diren honetan, gure bozka beraietako inorengana ez dela joango argi esan nahi dugu.

- Gurea torturaren aurkako bozka izango da.
- Gurea euskal preso eta iheslariak etxeratzeko bozka izango da.
- Gurea legez kanporatzeei aurre egiteko bozka izango da.
- Gurea errepresioa amaitu eta herri honi eskubideak ekarriko dizkion bozka izango da.
- Gurea konponbidearen bozka izango da.
- Gurea demokraziaren bozka izango da.

Salbuespen egoerari stop! Euskal Herriak demokrazia!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun