Getxoko Udaleko lan taldearekin elkarlanean, Afrikara begirako kanpaina solidario berria martxan jarri du Algortako San Martin parrokiak. Zendutako Alfonso Saiz apaiz getxoztarrak -Getxoko Udalak 2007an omendutakoa- hasitako ibilbideari jarraipena ematen diote horrela. Gauzak horrela, 5.000 aitzur erosteko dirua bildu eta horiek Kongoko Kansenia ingurura bidaltzea da euren asmoa. Lanabes bakoitzaren salneurria 6 eurokoa da. Kanpainaren sustatzaileek azaldu dutenez, "lurra lantzeko aitzur bat edukitzea luxua da bertan, euren bizi-baldintzak oso txarrak baitira. Lanabes hori familia bat aurrera ateratzeko tresna bihurtzen da". Ekimenean parte hartu nahi dutenek dirua eman dezakete udalerriko elizetan: Algortako San Martinen, Areetako Santa Ana eta Mesedeetako Aman, eta Getxoko Andra Marin, hain zuzen. Edo bestela BBKren 2095 0355 70 9100756027 kontu korrontean. Argazkian, kanpainaren kartela.