IAk irakurritako adierazpena:
UPV krisian dago!
Ia 30 urte hauetan hamaika izan dira euskal ikasleok unibertsitate honen eta berau kudeatu duten agintarien eskutik bizi izan ditugun eskubide urraketak. Euskaraz ikasteko ezintasuna, kontrol soziala, ikasleon aurkako neurri antidemokratikoak, inposaketak… Azken urte hauetan gainera, komunitate unibertsitarioarekin eztabaidatu gabe eta ikasleon hitzari muzin eginez, Europatik datozen aire neoliberalei jarraituz goi mailako hezkuntza goitik behera eraldatuko duen prozesua, Bologna Prozesua alegia, modu ezberdinetan inposatzen ari zarete.
Hauteskunde aro batetik atera gara berriki. Kolore ezberdinetako mozorro eta maskaraz betetako hauteskunde arotik. Zuk zeuk, euskaldun eta demokratiko gisa saldu zenigun zure burua. Beste batzuk gainera, Barack Goirizelaia zinela sinestarazi nahi izan ziguten. Unibertsitate hau benetan euskaldunduko, demokratizatu eta herriratuko zenuelakoan unibertsitate honen salbatzaile gisa aurkeztu zintuzten. Zuk jantzi zenuen mozorrorik politena eta zu atera zinen garaile Iñaki.
Baina azkar erantzi duzu mozorroa. Egindako adierazpenek eta hartutako erabakiek, agerian uzten dute espainolek eta enpresariek diseinatutako unibertsitate ereduarekin jarraitzeko asmoarekin bat egiten duzula.
Baina ikasleok argi geneukan eta daukagu. Zurekin eta zuk bultzatutako neurriekin UPV krisian dago! Eta ikasleok krisian bizitzera kondenatzen gaituzu! Eskaleen antzera egunero euskaraz ikasteko aukera eskatu behar dugu, gure hitza errespetatua izatea eskatu behar dugu, euskal herritar gisa herri jakintza enpresen interesei gailentzea eskatu behar dugu.
Aski da! Nazkatuta gaude! Benetako unibertsitate euskaldun, demokratiko eta herriaren zerbitzura egongo dena behar dugu! Zuk bide honetan pausurik emango ez baduzu guk emango dugu. Orainarte bezala, bestelako unibertsitate eredu bate alde lanean jarraitzeko hautua egina daukagu euskal ikasleok. Beste batzuk krisi ekonomiko mundiala eragin duten enpresekin elkarlanean jarraitzen duzuen bitartean guk Euskal Herriak behar duen unibertsitatea eraikiko dugu.
Ikasle Abertzaleak (IA)