Hala ere, dagoeneko Itzubaltzetan hainbat obra egiten ari direla nabarmendu dute udal agintariak. Besteak beste, Errekagane kaleko erreforma -amaitzear- eta Luis Lopez Oses kalea eta Errekagane parkea egokitzeko lanak -martxoan esleituko dira- jarri ditu adibide bezala Landak. Horretaz gain, Chavarri Zuazo parkeko obrak eta Gobela kiroldegian betetako aparkatzeko 270 plazak ere aipatu ditu. “Inolako zalantzarik gabe aspaldi Romo auzoan egin den erreforma urbanistikorik garrantzitsuena da”, alkatearen hitzetan.
Errazago ibiltzeko kaleak
Ezekiel Agirre, Aurrezki Kutxa, Kalamua eta Gobelondo kaleetan espaloiak zabalduko dituzte errazago ibili ahal izateko. Aurrezki Kutxa kalea egokitu egingo dute oinezkoari lehentasuna emateko eta Gobelondo kaleko zati bat -Aurrezki Kutxa eta Kalamua tartean- oinezkoentzako gune bihurtuko dute. Bitartean, Ezekiel Agirren 3 metro zabalerako espaloiak ipiniko dituzte, ilarako arbolekin, eta Kalamuan espaloiak zabalduko dituzte (2 metroraino); baita zoladura berria jarri dute. Era berean, saneamenduko estolda nagusia zaharberrituko dute. "Horren eraginez, Santa Eugenia plazan eta Kresaltxun ur putzu handiak sortzeko arriskua behin betiko desagertuko da", udal arduradunen hitzetan.
Alkateak aurreratu du obrek aparkaleku kopurua gutxituko dutela. Horrek eragin ditzaketen kexuen aurrean, Santa Eugenia eta Mesedeetako aparkalekuez gain, Udalak egungo agintzaldian Gobela kiroldegiko parkinga zabaldu duela aipatu du Landak. Udal agintariak azaldu duenez, “Romoko kaleetatik 282 auto atera ditugu. Halaber, aurreikusita dago Leioako Udalak Pinuetan aparkatzeko 400 plaza jartzea. Proiektu horretan elkarlanean jardungo dute Leioa eta Getxoko Udalek. Edozelan ere, formulak aztertzen jarraituko dugu arazoari irtenbide bat eman aldera”. Azkenik, lanak eragin ditzaketen eragozpenen aurrean, "pazientzia eta ulerberatasuna" izateko eskatu die auzotarrei Landak.