Gazte bat atxilotu dute Berangon hauteskunde propaganda banatzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 27a, 12:01

Pertsona bat atxilotu zuten atzo Berangon hauteskunde propaganda banatzen ari zela. "Gara" egunkariak gaur goizean jakinarazi duenez, atzoko edizioa ixtean 22 urteko gazte hori atxilotuta jarraitzen zuela dio egunkariak. Litekeena da poliziek Baltasar Garzon D3M hautesle elkartearen jarduerak eteteko autoa urratu izana egoztea. Izan ere, hori da Ertzaintzak atzoko Bizkaiko beste atxilotuari leporatu ziona. Bigarren pertsona hori 19:00ak aldera atxilotu zuten Zaratamoko Arkotxa auzoan. Horrela, handitzen doa ezker abertzalearen eta "Urrezko botoaren" aldeko kanpainia politikoa egiteagatik atxilotzen duten jende kopurua. Aurretik, dagoeneko guztiak askatuta badaude ere, sei lagun atxilotu zituzten Ezkerraldean eta Sestaon bertan Garzonek bere autoa zabaldu baino lehen, Ertzaintza D3Mren kartelak jartzen ari ziren herritarrei oldartu zitzaien, haietariko bati sudurra apurtuz. Itzubaltzeta / Romon ere, zabaltze handia egin zuten Inauterietan, dozena bat indio apatxe identifikatzeko. D3Mk salatu egin du PSOEk, Guardia Zibila eta Ertzaintzaren laguntzarekin, zabaldutako "sorgin-ehiza". Argazkian, Ertzaintza Itzubaltzeta / Romon.

D3Mren oharra:

Demokrazia 3 Milioi jazarpen polizialaren aurrean

PSOEren Gobernuak D3M plataformaren aurka habian jarri duen “sorgin-ehiza” salatu nahi dugu.

Guardia Zibil eta Ertzaintzaren txanda da oraingoan: armak soinean, D3Mren boto-txartela eta hauteskunde propaganda lapurtzearren miaketak, atxiloketak, hamarnaka errepide kontrol eta jarraipen burutzen ari dira indar polizial hauek. Armez josirik boto-txartela eta kartelen atzetik.

D3Mren aurka PSOEk bultzaturiko jazarpen honen helburua Ezker Abertzaleak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan edozein parte-hartze politiko izatea ekiditea da.

Horretarako , lehenik eta behin, PSOE Garzon epaile-txotxongiloaz baliatu zen, Auzitegi Gorenari bidea errazteko D3Mko hainbat kide espetxeratu eta inputatuz. Gero, Alderdien Legea txiklea bailitzan erabili du, bere estrategia errepresiboaren mesedetan. D3Mren hautagaitzak baliogabetzearekin aski ez, eta berriro Garzonen sinadura erabiliz, jardueren suspentsioa dekretatu zuten. Eta azkenik, polizia guztiak bidali dituzte boto-txartelen bila, hauteskunde propaganda apurtzera, errepideak kontrolez betetzera, ekitaldi politikoak oztopatzera eta Ezker Abertzalearentzat bozka eskatzen duten herritarrak atxilotzera. Estatu terrorismo ekintza bat da hau, helburutzat euskal gizartearen sektore baten kikiltzea eta jarduera politikoa deuseztatzea duelako.
Eusko Legebiltzarrak Aldaketa Ezaren eta Konponbide Ezaren mesedetan segi dezan hauteskundeetarako tranpa prestatu dute. Eta orain, jazarpen politiko eta ideologikoaren gainetik, boikot mediatikoaren gainetik, demokraziaren eta aldaketa politiko eta sozialaren aldarrikapenak kanpaina egin dezan ekidin nahi dute. Oztopo guztien gainetik martxoaren 1ean hautestontziak D3Mren boto-txartelez betetzea ekidin nahi dute.

PNVren jarrera kolaborazionista salatu nahi dugu. Hasiera batetik baliatu ditu Ertzaintza, errepresio polizialaren bidez ekitaldi politikoak eta mobilizazioak erasotzeko, eta EITB, Ezker Abertzalea kriminalizatu eta bere ahotsa isilarazteko. Lotsatu beharko lukete, jeltzaleek lotsa apurrik balute, Ezker Abertzalearen legez kanporatzearen azken helburua PNV kaltetzea dela esaterakoan, propaganda politikoa banatzen ari den jendea atxilotzen ari direnean.

Eta bitartean, EA, Aralar eta Ezker Batua, kanpaina hasieratik itsu, mutu eta gor. Ezker Abertzaleak pairatzen duen apartheidak eragingo dizkien etekin elektoralak kalkulatzen izango dira.

Ezker Abertzaleak pairatzen duen jazarpenaren aurrean, lana biderkatzeko deia egiten dugu, aldaketa politiko eta sozialaren aldeko aldarria hauteskunde kanpainan ozen entzun dadin, eta martxoaren 1ean, D3Mren milaka eta milaka boto-txartelek hautestontziak bete ditzaten. Rubalcaba, Urkullu eta Guardia Zibilari min gehien ematen dien bozka da D3M.

Martxoaren 1ean herri honek demokrazia eta desobedientzia zibil ekimen erraldoia burutuko du, sasi-demokrata horiei muxuak gorrituko dizkiena.

Animo eta aurrera!

Demokrazia 3 Milioi
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun