Era berean gure jendartean ere kontuak ez dira samurragoak, ezen euria eta hotzaren antzera gure lurra menperatu nahian dabiltzan horiek Euskal Herria neguko lozorro luzean iraun dezala nahi baitute, eta herriak antolatutako lur esnatze saio oro zapuztu nahian baitabiltza. Aurtengo neguan euriak eta hotzak egin duten legez, gure lurraren berpizkundea atzeratzen dabiltza, milaka urteetan gainean izan dugun eguzkiaren ordez hauteskunde kanpainan alegiazko solariumak eta behin behineko bero artifiziala agintzen ari zaizkigula, horiek guztiak behin betiko eguzkia bera ordezkatuko dutelakoan. Enpeinu horretan ibiltzeak, ondorio latzak ekartzen dizkigu: gure arteko hamaika gizaseme neguaren halabeharreko luzapena pairatzen ari direla ikustea besterik ez dago, lur hotz eta idorretan sortutako balizko gizalegearen izenean ziega ilunaren eta bazterkeriaren isolamendura kondenatuak direlako, horrekin eguzkia eta lurra ahulduko dutelakoan.
Eguzkia eta lurra, ostera, indartsuegiak dira akabatzeko, eta oraindik indar nahikoa dute aspaldi ospel eta hotz dugun herri hau epeltzeko, agintari faltsu horiek gura izan ala ez. Kanpamartxo hortxe dago, eta naturaren ibilbidea oztopatzeko saioak alferrikakoak diren neurri berean dira alferrikakoak gure jendartean iluna eta hotza mantendu gura izatea. Egun epel gozoak ditugu gure zain, baina hori bai, igarotzea zilegi den legezko ate horietatik barik, salto egitea debekatzen diguten horma horien gainetik pasatu beharra dugu lehenbizi, ate horien atzean eguzkia baino solariumaren bero kaltegarri eta behin behinekoa baino ez baitugu, gaurko ogia eta biharko gosea alegia.
Eta martxoaren batean hormari salto egitea proposatzen dizuet, menperatzaile horiek (kanpokoak zein barrukoak) inposatu gura dizkiguten ate apaindu horiei muzin eginik, modu horretan soilik izango baitugu kanpamartxo duina. Lurra esna dezagun, eta askatasun eguzki berriak lur jipoitu honi loratzeko eta fruituak emateko indarra eman diezaiola.
Josu Gotzon Landeta (Irakaslea)