Onartutako mozioa:
Sopela herriko Udalbaltzari jakinarazi nahi zaio, azken egun hauetan gure herriko preso bi, Olga Sanz eta Txabi Moreno hain zuzen ere, Valencia lurraldeko Picassent kartzelara eraman dituztela, Sopelatik 655 kilometrotara. Leku aldaketa hau baino lehen, sopeloztar bi hauek Zaragozako Zuera kartzelan zeuden, 345 kilometrotara, beraz urruntzea nabarmena izan da.
Bizi garen egoera sozial eta politikari buruzko egin ditzakegun hausnarketa anitzen gainetik, argi dakusagu erabaki hau aparteko zigorra dela presoentzat, epaileak berak erabakitakoaz gain, bere eguneroko gizartetik urruntzen dituztelako. Are gehiago senideei eta lagunei ere ezartzen zaie zigor berri bat: sekulako bidaia egin behar izatea, dagozkion galera ekonomikoa, lan orduena, arriskua errepideetan e.a. eta hau guztia Olga edo Txabirekin, gehienez jota, 55 minutu egon ahal izateko.
Beraz ondorengo mozioa aurkezten dugu Sopelako Udalean:
1.- Sopelako Udalak ez du onartzen Olga Sanz eta Txabi Morenoren urrunketa Picassent-eko kartzelara.
2.- Sopelako Udalak bere borondatea mahairatzen du Olga Sanz eta Txabi Moreno, (eta herriko beste preso guztiak bere zigorraren zioa aztertu gabe) ekar ditzaten Sopelatik gertuen dagoen kartzelara, kasu honetan Basaurikora.
3.- Sopelako Udalak “Instituciones Penitenciarias” delakoaren Zuzendaritzaren esku utziko du akordio hau, gure herriko preso diren pertsona guztiak Basauriko kartzelara hurbil ditzan.
4.- Hurbilketa hau beteko ez den bitartean Sopelako Udalak diru partida bat mantenduko du aurrekontuetatik herriko preso guztien senideentzat, bisita bidaiek eragindako gastuetan nolabaiteko laguntza izan dadin.