EAJ eta PSE-EEren aldeko bozekin, sei udal tasa murriztea erabaki du gaur Getxoko Udalbatzak. Besteak beste, zarama bilketagatik %30 gutxiago ordainduko dute herritarrek eta %35 gutxiago bulego eta saltokiek. Hala ere, jaitsiera hori ez da inondik inora heltzen, sinaduren bitartez ehunaka herritarrek eskatutako %86ra; Iñaki Zarraoa alkate zela zarama tasa igotzea erabaki zuten beste horrenbestera, alegia. Azken urteotan, PSE-EEk ere eskatu du behin baino gehiagotan zarama tasaren %86ko jaitsiera. Gainontzeko tasei dagokienez, lokalak irekitzeko, Tabakoaren Legea betetzeko egin beharreko lanak egiteko, hesi arkitektonikoak kentzeko eta estolderian ere beherapenak izango dituzte enpresari, merkatari eta ostalariek. Familia ugariek, beren aldetik, hobariak izango dituzte Andres Isasi musika eskolan, administrazio-agirien luzapenean eta estolderiaren tasan. Aitor Soloeta Ogasun zinegotziak gogoratu du familia ugariek badutela jada laguntza zuzena, zabor bilketaren tasaren eta beste zerga batzuen ordainketari aurre egin ahal izateko. Argazkian, ez da ohikoa Getxoko EAJ eta PSE-EE gauza bera bozkatzen ikustea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!