Azterketa egiteko, Hizkuntza-politika Indartu eta Garatzeko Hamar proposamen nagusiak hartu dira oinarri gisa eta alderdi bakoitzak egindako proposamena baloratzeko hiru adierazle erabili dira: Semaforo gorria proposamen ezegokia denean, zehazkabea edo askieza denean semaforo horia eta egokia denean berdea. Esan bezala, hautes-egitarau bakar batek ere euskararen normalizazioaren beharrei erantzuten ez dion arren, alderdi batzuk eta besteek egindako proposamenen artean badago ezberdintasunik. Kontseiluaren ustez, euskararen normalizazioak behar duen bizkortzea sustatzeko, besteak beste, Administrazioek hamar neurri horiek ezartzea beharrezkoa da eta, ondorioz, oso interesgarria deritzo hautesleei informazio garrantzitsu hori jakinaraztea haien botoa erabaki behar dutenean irizpide garbiak izan ditzaten.
Aralar, EB-Berdeak eta EA alderdiek zenbait alorretan egiten dituzten proposamenak interesgarritzat jo ditu Kontseiluak (hala nola, Hezkuntza Sistemari edo helduen euskalduntzeari dagozkionak) baina beste alor batzuetan hutsuneak nabarmenak dira eta ez diote euskararen normalizazioak dituen beharrei erantzuten.
EAJri dagokionean, orain arteko errezeta berberak proposatzen ditu: Hain zuzen ere, Unescoren Atlasean agerian geratzen den euskararen egoera zaurgarrira ahalbidetu duten neurriak berresten dira. Kontseiluaren aburuz, beharrezkoa da Administrazioak pauso bat harago eman dezan euskararen normalizazioa bermatzeko bidean. Baina EAJren proposamenean ez da hizkuntza-politika eraginkorragoa abiatzeko proposamen zehatzik ageri.
PP eta UpyD alderdien hautes-egitarauek, bestetik, ezegokiak diren neurriak proposatzen dituzte, aurrera eginez gero euskararen normalizazioarentzako estrategikoak diren alorretam atzerapausoak ekarriko lituzketenak.
PSE-EEri dagokionean, PP eta UpyD nahiz EAJren proposamenen artean koka daiteke. Izan ere, hautes-egitarauetan euskarari dagozkion proposamenetan PP eta UpyDren programetan baino tonu egokiagoa darabilen arren, proposatutako neurri gehienak ezegokiak, zehaztugabek edo askiezak dira.
Kontseiluak gaineratu nahi du, bestalde, alderdi politiko guztiek ez dutela haien informazioa oso-osorik euskaraz eskaintzen eta, ondorioz, aipuak erabiltzen direnean haiek erabilitako hizkuntza islatu da azterketan hitzez-hitz. Otsailaren 23a baino lehenago, haien webgunean hautes-egitaraua osorik euskaraz zuten alderdi politiko bakarrak honako hauek dira: Alderdi Popularra, Aralar, EAJ eta Eusko Alkartasuna. Egitaraua partzialki euskaratua dutenen artean, Ezker Batua Berdeak taldea dago (neurri orokor nagusiak euskaraz daude). Azkenik, egitaraua gaztelaniaz soilik dutenak PSE-EE eta UPyD alderdiak dira.
Kontseiluak hautes-egitarauen inguruan egindako azterketa oso-osorik eskuratzeko moduan jarri du Kontseilua.org webgunean, PDF formatuan.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua