EHE: "Hauteskundeetara doazen alderdiek euskara menpeko egoeran mantendu nahi dute"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 27a, 20:01

Hauteskunde kanpainan murgildu ginen duela astebete pasatxo, nahiz eta ezberdintasunik ez genuen nabaritu azken aste hauek atzera jasan dugun bonbardaketa mediatiko guztiarekin. Promesak, gurariak eta hitz faltsuak nagusi diren garai hauetan, hamaika baieztapen entzun ahal izan dugu euskararen etorkizunaren inguruan; hori bai, euskarari lehentasuna ematearen aldeko hitz gutxi. Gaur egun euskarak bizi duen menpekotasun egoera larria agerian utzi izan du EHEk. Eta hain zuzen, bai aurre-kanpainan, bai kanpainan bertan ere, egoera hori mantentzearen aldeko apustua egin dute alderdi gehienek. Argazkian, herenegun Oiartzunen egin zuen ekimena EHEk.

Azken hilabeteetan manifestu antzuen, jarraipenaren aldeko hautuen eta, oro har, hitz malapartatuen jabe izan gara. Alde batetik, alde “demokratikoa” erakutsi nahi dutenen hitzak entzun behar izan ditugu, euskal jendartea integratu omen nahi duen bizikidetza demokratikoan oinarritutako proiektua kaleratuz; hori bai, bizikidetza, euskara gaztelaniarekin batera bere toki propioa bilatze aldera. Toki hori, baina, badakigu zelako urria den, gaztelera eta honen nagusitasuna bilatzen duten politikariek lagatzen diotena; hau da, hutsaren hurrengoa. Baina antza, euskaldunon artean elkarbizitza harmoniatsu eta emankorra ekarriko duen neurria izango da hori, euskara eta gaztelera parez pare jartzearena. Argi dago PSE-EEk ez duela euskararen lehentasunean indarrik jarriko.

Bestetik, bizikidetza ere entzun izan behar dugu beste alderdi baten ahotan, baina kontinuismotik, azken hamarkadetan euskarak jasan duen bazterketa eta zapalketa betikotze aldera. Euskaldunak zokoratuak izaten jarraitu behar dugula iradokitzen digute, hizkuntza politika hutsalak defendatuz eta birus bat zabaltzea helburu duten kanpainak bultzatuz. Elebitasunean oinarritutako politikak daramatzate aurrera, euskara eta gaztelera, asmoetan, maila berean ipini nahian. Horregatik eraman dute aurrera duela gutxi amaitu den “Euskara21” gogoeta prozesua; 30 urte luzez aurrera eraman duten hizkuntza politikaren porrota estaldu nahi izan dute, euren iritziz eztabaida “ireki” eta “anitza” bultzatuz. Erro erratuak izan ditu, baina, hausnarketa prozesu horrek, argi baitago elebitasunean oinarritutako jendarterik ez dela posible denboran iraunarazterik, beti galduko duelako hizkuntza batek bestearen aurrean. Eta gaur egun menpekotasun egoeran zein hizkuntza dagoen begiratu besterik ez dugu lehia horretan zein hizkuntzak galduko lukeen jakiteko. EAJ-PNVk euskarari lehentasunezko izaera eman eta euskaraz biziko den jendarte baten aldeko apustutik urruti kokatzen dela ez dago zalantzarik.

Hauteskundeak zita garrantzitsu izango dira, hain zuzen, euskararen etorkizunari begira. Euskaraz biziko den herria eraiki ahal izateko aldaketa sakonaren premia du euskarak gaur gaurkoz. Aldaketa Euskal Herriko lur eremu osoan erdaren nagusitasunarekin, eta ondorioz euskararen menpekotasunarekin, amaitzean oinarritu beharko litzateke. Horretarako, euskara bere lurraldean lehentasunezko hizkuntza izatera bideratu behar dugu. Euskara delako Euskal Herriko berezko hizkuntza, eta ondorioz berak beharko lukeelako gure herriaren bizi hizkuntza.

Aldaketa hori gaurdanik eraikitzen hasi behar badugu ere, egoera errotik aldatzea ezinbestekoa dela ozen aldarrikatu behar dugu. Gaur egungo euskararen herriaren zapalketa eta zatiketa gainditu, eta euskararen herria berreraikitzeko tresnak gureganatu behar ditugu euskal herritarrok. Euskal Herria euskalduntzea helburu izango duen, kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidea behar dugu azken finean.

Horretarako behar du batez ere burujabetza Euskal Herriak, euskararen herria berreraikitzeko aukerak eman ditzakeen eskenatoki bat sortzeko alegia. Euskal Herri euskaldunaren alde lanean gabiltzan euskaltzaleok beraz indar egin behar dugu gure herriaren eskubideen alde. Honekin batera, Euskal Herriaren eskubideen alde diharduten eragile ezberdinek ere ozen aldarrikatu beharko lukete euskaraz biziko litzatekeen herria dutela helburu. Herria eta hizkuntza, bata bestea gabe ezer ez direla alegia, eta bat bezala bizi eta eraiki behar ditugula.

Hauteskunde giroan garen honetan bi dei egin nahi lituzke EHEk. Lehena, gaur egun euskaldunon etorkizuna erabakitzeko ahalmena dutenei, alderdi politikoei, alegia. Euskal Herri euskalduna eraikitzea ahalbidetuko duen eskenatokira joateko beharraz konbentziturik, horretara iristeko bideak jar ditzatela exijitu nahi diegu, eraginkortasunez eta egoerak eskatzen duen tamainan. Bigarren deia, herritarrei egin nahi diegu. Euskal Herri euskaldunaren bideak bere fruituak eman ditzan, euskarari lehentasuna emanaz gure eguneroko jarduna aldaketa hori etengabe elikatzera bideratu behar dugu. Kalean, etxean, jolasean, borrokan, eskolan zein lanean herri bat osaturik euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu, eta hori horrela izan dadin neurriak eskatzea eta hartzea dagokigu. Euskaraz bizitzeko pausoa eman behar dugu.

Euskara menpekotik lehentasunezkora!
Euskal Herri euskalduna eraiki!

Euskal Herrian Euskaraz
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun