“Urrezko botoaren” aldeko aldarria atera dute Uribe Kosta eta Erandioko kaleetara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 28a, 19:08

Igande honetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Legebiltzarrerako hauteskundeen karietara, ezker abertzaleak hainbat ekitaldi egin zituen atzo Uribe Kosta eta Erandion, bihar "urrezko botoa" ematera deitzeko. "Demokrazia orain! Euskal Herria aurrera!" lelopean, manifestazioan zeharkatu zituzten Areetako kaleak 70 bat lagunek, Ertzaintza zelatan zutela. Izan ere, D3Mren aldeko bozka eskatzekotan, martxa eta ondorengo ekitaldia galaraziko zutela adierazi zien antolatzaileei polizia autonomikoak, lekuko batek Koska irratiko "Koskaberri" albistegian jakinarazi zuenez. Bitartean, Leioan, trikitixa doinuek eta txitxiburruntziak lagunduta, jai giroan egin zuten ekitaldia Plaza Gorrian, 70 herritar inguru bertan zirela. Aurreko egunetan ez bezala, atzo Ertzaintzaren presentzia txikiagoa zela nabarmendu zuten bertokoek. Azkenik, Altzagan, Jado eta San Inazio kaleen artean egin zuten ekitaldia, ehun bat lagun bertan zeudela. Bertokoek salatu zutenez, atzo Areetan gertatu bezala, orain bi ostiral Astrabuduako Josu Murueta plazan egindako ekitaldian, gauza bera esan zieten ertzainek: D3Mren aldeko bozka eskatzekotan ekitaldia galaraziko zutela, alegia. Atzo, patrol bat baino ez zen agertu presoen aldeko kontzentrazioa iraun bitartean. Hala ere, ondorengo ekitaldia giro alaian egiteko asmoa zeukaten erandioztarrek, berau bukatuta trikipoteoa egin behar baitzuten. "Haserre gaude, baina umorez ere hartu behar dira gauzak", aipatu zioten bertokoek Koska irratiari. Gauean bertso afaria egon zen Getxoko Txorimalo gaztetxean. Argazkian, Algortan otsailaren 19an egin bezala, atzo parodia egin zuten Altzagan.

Entzun "Koskaberri" albistegiek atzoko ekitaldiez egindako kronika (mp3)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun