Eskenatokia minimalista da. Teloian ez dago kartelik, pantaila bakarrik eta honen aurrean txalaparta, hizlarien atrila eta zurezko mahai zaharra, gainean hautestontzi gardena duela. Albo batean ploter handia dago baina ez dago siglarik. Inon ez da D3Mren agerpenik. Sigla gehien duen aukera politikoak ezin du siglarik erabili. Hogeita hamar urtean erabilitako guztiak debekatuta daude: Herri Batasuna, Batasuna, Euskal Herritarrok, Sozialista Abertzaleak, AUB, HZ, Aukera Guztiak, EHAK, ASB, ANV, Askatasuna, D3M, eta gazteena ere bai, Jarrai, Segi, Haika... Eskenatokiaren alboan dagoen ploterrean D3Mren kartel mutilatuta ikus daiteke: EHko mapa irribaretsu batek "urrezkoa botoa" sartzen du hautestontzian, eta azpialde osoa laranja koloreko espazio hutsa da.
Zortzietan hasi da musika eta presoen aldeko konzentrazioan egon direnak jiratu dira, lurrean egon diren dozenaka ikurrina hartu eta zain geratu dira noiz hasiko ekitaldi politikoa. Aulkietan edadetuenak jesarri dira, eta zutik, atzealdean bostehun bat pertsona adin guztietakoak.
Alboan dudan emakumea ezagutzen dut. Semeagatik galdetu diot eta ondo dagoela esan dit, etxetik urrun egonagatik ere. Semeak ere jaso du Patxi Lopezen gutuna, esan dit, Lopezek berak sinatua. Herriaren alde egindako lana eskertzen dio eta ildo berean segitzeko adoretzen du. Frantziako kartzela batean du semea, eta ez du ulertzen nolatan bidali dion halako gutunik kartzelara, semea gurasoen etxean erroldatuta egonda. Gutunazala idatzi zuenak ez ote du ikusi kartzelara bidaltzen ari zenik? galdetu dit emakumeak. Tira, Maison d´arrêt oporretako egoitza ematen du, balneario baten izena. Ildo berean segitzeko adoretu du semea, hori ez al da terrorismoaren apologia? Eta barre egin dugu biok, gogotik hasieran, baina gero barrea jelatuta geratu zaio ezpainetako ertzean eta begirada galdu zaio puntu zehazgabe batean.
Bozgoragailuetan Mokaua taldearen Sanfrango itsua kanta entzuten da, baina zortziak eta laurdenetan musika isildu eta bi txalapartarik ekin diote jotzeari. Gazteenak ez ditu 16 urte. Txalaparta amaitu bezain pronto bideoa ikusi ahal izan da pantailan. Lehen irudian Garzon ikusi da, segidan Gendarmerie-ko atea, eta ondoren polizia enkaputxatuak kutxak ateratzen etxe batetik. Beltzak ari dira atxilotuak sartzen kotxeetan. Zuribeltzezko irudiak dira eta indarra dute. Areatzako termometroa behera doa, baina entzuleen artean tenperatura igotzen ari da. Txistu batzuk entzun dira atzealdean. Irudiek eta musikak estutu egiten dute bihotza. Herenegun Mendigurenek aipatzen zuen enpatia izango da. Bigarren bideoan ilarak ikusi dira notaritzen ateetan, D3Mko aurkezpen ekitaldia, kaleak eta hormak afixez josita, debekuaren gainetik burutu den kanpaina gorabeheratsuaren irudiak.
Bideoen ostean hizlariak, emakume gazteak, pasoa eman die sei kolektibori, eta banan-banan sartu dute botoa hautestontzian: sindikalistak, solidarioak, ekologistak, gazteak, buruzagi historikoak eta presoen senideak. Azken hauek jaso dituzte txalo handienak. Ausentziaren presentzia. Ausentea presenteago dago egon dagoena baino. Askotan ikusitako antzezpena da, déjà vu kutsua badu ere, errito saihestezina da ezker abertzalearen ekitaldi guztietan.
Itziar Lopategik hartu du hitza amaieran, baina beste edozein izan zitekeen, atzean dituen Erkizia, Kaltzada, Agiñako, Barandika, Alcalde edo Etxaide. Ezker abertzalean ez du garrantzirik hautagaiak. Dekapitatu den bakoitzean buru berria atera du, Hidra balitz bezala. Hidra mitologikoari burua ebaki eta galdutako bakoitzaren ordez bi buru berri ateratzen zitzaizkion. Halaxe ikusten dut ezker abertzalea. Edo agian Shiva bezalakoa da, buru bakarra eta beso ugari, militanteen lan isil eta anonimoa.
Indarra du Lopategik, eskarmentu handia eta, hala ere, trabatu daiteke mikrofonoaren aurrean. "Gure bozak gehien balio duten bozkak dira eta martxoaren zortzian erakutsiko dugu". Atzealdeko kideek barre egin dute errakuntzaz, eta entzuleak ere barrezka ari dira, eta Itziar ohartu ez.
Ekitaldia agurtu du aurkezleak eta orduan Itziar Lopategi berriz hurbildu da mikrofonora eta esan du ozen "inkontzienteak traizionatu nau. Martxoaren 1ean!". Eta pentsatu dut nik 1ean, 8an, 9an eta 10ean ere ekin beharko diola lanari, egoera ez baita izango batere samurra. Hidra bai, baina Shiva ere beharko du izan lan politikoa egin nahi izatekotan.
Kanpainaren amaierako ekitaldia Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean egin zuen atzo ezker abertzaleak. Ekitaldiaren lekuko izan zen Laura Mintegi idazle algortarra. Hauxe da berak Berria egunkarian idatzitako kronika.