Mikel Iturbe: "zabor-posta analogiko hori"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 28a, 20:20

Egunotan, ohiko faktura, aldizkari eta abarrekoez gain, beste elementu bat etorri da gure etxeetako buzoietara: hauteskunde propaganda beldurgarria. Niri (hau da, nire izenean) honako gutun hauek heldu zaizkit alderdi bakoitzeko: 3 EAJ; 2 PP; 2 PSE-EE; 2 EB; 1 Aralar; 1 EA; 1 UPyD. Guztira jasotako gutunak: 12. Behin hori jakinda goazen analisi txiki bat egitera: 1- Gutunon hizkuntza: euskara hutsean edo lehentasunezko: 0; erdara hutsean: 3 (PP eta UPyD); pareko edo erdara nagusi: 9 (gainontzeko guztiak). Gaur egungo egoeraren adierazgarri. Euskara lehentasunezko aldarrikatzen duten alderdiek edota benetako elebitasunaren alde [sic] egiten duten alderdiek (gutunak erdara hutsez bidaltzen duten horiek, hain zuzen) botoak jokoan daudenean desberdin jokatzen dutela ikus dezakegu. 2- Herritarrontzat suposatzen duen gastua: demagun, gutunok bidaltzea, probintzia barnean Correosek gutun bat bidaltzeko kobratzen digunaren prezioaren ingurukoa dela -pixka bat gutxiago agian-. Eragiketa sinple batekin: bozetara deituta gauden herritarrak: 1.776.006; herritar batek (nik) jasotako gutun kopurua: 12: gutun bat bidaltzea (20 gramo, normalizatua eta bidalketa lokala): 0,32 euro. Beraz, gutxi gora-beherako gastua: 1.776.006 x 12 x 0,32 =6.819.863 euro. Argazkian, herritar batek hainbat hauteskunde gutun birziklatzera botatzen / D3M.

Noski, honi, diseinu, inprimaketa, gutun-azaletan sartzearen eta abarreko gastuak gehitu beharko litzaizkioke. Eta hori gutunei dagokionez bakarrik, gero ekitaldiak, kartelak, telebistako spot-ak… baitaude.

Badakit ez dela inola ere ez lagin adierazgarria neurea, ezta erabilitako prezioa zehatz-zehatza, baina ideia orokor bat egiteko nik uste dut badela nahikoa. Gainera, beharturik gaude nahitaez gure diruz ordaindutako (estatuak alderdiei emandako dirulaguntzen bitartez) zabor-posta egunero-egunero gure buzoietan jasotzeko.

Aipatu al du norbaitek krisi hitza?

Mikel Iturbe blogari getxoztarrak hamahiru.org bere bitakoran pasa den ostegunean argitaratu zuen artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun