Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 1.776.006 herritarrek bozkatzeko aukera izango dute bihar, igandea, Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeek. Askatasuna alderdiaren boto-txartelak ez dira bihar izango eta D3M hautesle elkartearenak baliogabetzat joko dituzte hauteskunde batzordeek, Espainiako Auzitegi Gorena eta Konstituzionalari kasu eginez. Gauzak horrela, Ezker abertzaleak bere indarrak neurtzen saiatuko da beste alderdi guztiek Gasteizko 75 eserlekuengatik lehiatzen diren bitartean. Hauteskunde mahaiak 2.735 izango dira eta haietatik 207 Uribe Kosta eta Erandion egongo dira. Batzuk zein besteak goizeko 9etatik iluntzeko 20:00etara egongo dira zabalik. Tarte horretan, Eusko jaurlaritzak 5.000 ertzain mobilizatuko ditu. Haietako 2.000 bat hauteskunde gunetan egongo dira, beste horrenbeste kaleetan eta, gainera, hainbat unitate berezi alarma egoeran izango dira. hori da lehergailuen aurkakoen, txakurren, helikopteroen, lurazpikoen edota brigada higikorrekoen kasua. Gainera, Udaltzaingo ezberdinak ere arituko dira hauteskunde guneetan. Bestalde, DYAk eta Gurutze Gorriak hautestontzietaraino lagunduko dituzte, anbulantziaz, bere kabuz bidea egiteko oztopoak dituzten pertsonak. Hauteskunde emaitza ofizialak 23:00etarako izatea espero da.
Koska irratiak, Gorliz irratiak eta UKBERRI.NETek jarraipen berezia egingo dute. Irratiek 19:45etik aurrera jardungo dute eta komunikabide honek, berriz, egun osoan zehar jardungo du, webgunean zein
Twitterren. Argazkian, Juan Jose Ibarretxe jarduneko lehendakaria eta Iñigo Urkullu EAJren presidentea Areetan emandako mitinean.