Hauteslekuen irekitzea eta mahaien egituraketa "normaltasun osoz eta gertakari aipagarririk gabe" burutu da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Herrizaingo Sailak zabaldu duenaren arabera. Gasteizko legebiltzarreko 75 eserlekuak betetzeko gaurko hauteskundeetan, bi zerrenda ilegalizatuta badaude ere, Lakuaren arabera "soilik aipatu behar da hautesleku batzuetako sarreretako ateetan silikona jarri dutela gauean zehar baina honek ez du inola ere hautesleku hauek irekitzea galarazi". Ildo horretan, udaltzainen eta kalez jantzitako polizien presentzia nabarmena da hauteskunde guneen inguruetan eta ikastetxeetako korridoreetan. Bertan ere, alderdi politiko gehienetako kideek hauteskunde prozesua gertutik jarraitzen dute, baita ezker abertzaleko kideek ere. Aipatzekoa da Algortako Getxo I institutuan UPyDren ordezkaria orain arte erret familiako kidea izan den Jaime de Maritxalarren anaia dela, eta hainbat lekukoren arabera, alderdi espainiazalearen kidea bere onetik atera eta lepotik heldu dio "ur motorrean ibiltzera joatera" gonbidatu duen gazte bati. Aipatu kirola du Maritxalar horrek lanbide. Argazkian, agure eta atso multzo bat Areetako hizkuntz botoa emateko zain, udaltzain baten begiradapean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!