Ertzaintzak neska gazte bat atxilotu du goizeko 9etan Donostiako Egia auzoan D3Mko boto-txartelak hauteskunde gelan sartzea leporatuta, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Ezker abertzaleak salatu duenez, bertako "PNVko ikuskatzaileak D3Mko boto-txartelak zakarretara bota ditu, eta ertzainen jarrera babestu du. Eskuburdinak eskuetan zituela, eta oso modu bortitzean eraman dute" neska". Era berean, hiri bereko Aiete auzoan, beste bi lagun atxilotu dituzte, AAMk jakinarazi duenez. Laugarren atxilotua Urnietan jazo da. Han beste pertsona bat eraman dute poliziek, hauteskunde gunetik kanpo zerrenda ilegalizatu baten paperak banatzen ari zelakoan. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez, hauteskunde guneetara doazen ezker abertzaleko kideak "indarekeriz" botatzen ari da Ertzaintza. Bestalde, Ertzaintzak 13 pertsona identifikatu ditu Patxi Lopez, Izaskun Bilbao eta Javier Madrazo bozkatzerakoan leloak oihukatu eta hainbat kartel erakusteagatik. Haien aurka hauteskunde-delitu espedientea zabaldu du Ertzaintzak. Gauza bera egin dute Eibarren, bertan bizi den Hondarribiko PSE-EEko zinegotzia bozkatzerakoan berarengana zuzendu diren hiru pertsonekin. Argazkian, 2008ko Espainiako hauteskundeetan 9 lagun atxilotu zituen Ertzaintzak Plentzian.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!