Hondarribin ere atxilotu dute lagun bat

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 1a, 18:15

Ezker abertzaleak jakinarazi duenez, 11:30ak aldera Guardia Zibila Hondarribiko Muara elkartean sartzen saiatu da eta barruan zeudenek atea itxi eta sarrera galarazi diete. Bestalde, atxiloketa baten berri eman dute, "baina oraindik ez dakigu zein izan den eraman dutena", aipatu dutenez. Hondarribiko ezker abertzaleak atxiloketa salatzeko ekimenak burutuko ditu egunean zehar. Gauzak horrela, dagoeneko bost dira hauteskunde egun honetan atzemandako pertsonak: Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu Donostiako Aiete auzoko hautes eskolaren kanpoaldean eta lagun bana Egia auzo donostiarrean eta Urnietan. Horretaz gain, dozenaka dira identifikatutako lagunak. Hori guztiagatik, hauteskunde eguna "salbuespen egoeraren ispilutzat" jo du ezker abertzaleak. "Hauteskunde egunean ere Ertzaintzaren jazarpena jasaten ari dira ezker abertzaleko kideak. Hauteskundeen aurretik, kanpainan zehar, eta egunean bertan ere ezker abertzalea isilarazi nahian PSOEk bere tresna guztiak aktibatu ditu: Garzon epaile-txotxongiloa, Auzitegi Gorena, Guardia Zibila eta Polizia Nazionala eta beti bezala, PNVren laguntza jaso du. Ertzaintzak hainbat atxiloketa, miaketa eta karga burutu ditu kanpainan zehar", salatu dutenez. Argazkian, "demokrazia eza" salatu dute Donostiako Egia auzoan / Ezkerabertzalea.info.

Besteak beste, Donostiako Altza auzoan, www.bestalde.com leloa duen furgoneta txuri batetik uniformedun hainbat ertzain jaitsi eta hiru pertsona identifikatu dituzte, “autodeterminazioa” lelodun pegatinak soinean zituztelako, ezker abertzaleak zabaldu duenez. Aieten atxilotutako bi lagunei dagokienez, 4 gazte zituen atxikita Espainiako Poliziak eta orduan agertu da Ertzaintza, haien aurrean ere identifikatzeko aginduaz, iturri berberen arabera. Gazteetako batek demokraziaren aldeko oihua bota du eta orduan izan dira atxiloketak. Eibarren, berriz, identifikazioak eta istiluak izan dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun