
Ertzaintza eta udaltzaingoek dagoeneko bost pertsona atxilotu dituzte Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetako gaurko egunean. Gainera, orain arte gutxienez ezker abertzaleko 48 lagun identifikatu dituzte (6 Donostiako Gros auzoan, 4 Aieten, 3 Altzan, 6 Eibarren, 15 Bilboko Miribilla auzoan eta Deustun, 12 Bilboko Uribarrin eta Errekalden, 1 Maeztun eta 1 Gasteizen) ezker abertzaleak zabaldu duenez. Herrizaingo Sailaren zenbaketaren arabera 44 izan dira, tartean Zarautzen beste 3. Baina, horietaz gain beste bi lagun identifikatu ditu Bilboko Udaltzaingoak Miribilla auzoko hauteskunde gune batean. Bata PSE-EEko ahalduna da, bestea UPyDko ordezkaria. Biek argazkiak atera dizkiete hainbat boto emaileei, eta Patxi Lopezen alderdikoak ihes egiteari ekin dio Europa Press-en kazetari bezala bere burua identifikatu ostean. Ondoren, boto emaileek beste hauteskunde mahai batean harrapatu dute eta bertan identifikatu dute udaltzainek. UPyDko kideak eskuko telefonoarekin grabatu egin ditu boto emaileak eta hauen protesten aurrean mahaiko presidenteak gelditu egin du udaltzainak heldu arte, hauek irudiak ezabatzen behartu dute. Bestalde, bonba mehatxua izan da Deustuko PSE-EEren egoitzaren aurka. Ertzaintzak moztu du bidea deia faltsua zela jakinarazi arte. PSE-EEren zaleek bozkatzeko deia egiteko baliatu dute Interneteko sare sozialetan, baita abisua iruzurra dela jakin ondoren. Argazkian boto-txartel "legalak" hauteskunde kabina batean.