Arratsaldeko zortzietan itxi dituzte hauteslekuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Gaueko bederatziak pasatxo emaitzen lehen datu ofizialak emango ditu Eusko Jaurlaritzak. Emaitza denak, hamaikak aldera. Herrizango Sailak 18:00etan emandako datuen arabera, gaur arratsaldeko bostetan %48,82koa zen parte hartzea, 2005ean (%48,63) baino apurtxo bat gehiago. Hala ere, Gipuzkoan orain lau urte baino %3,82 hautesle gutxiagok emana zuen botoa ordu horretan. Bitartean, Ertzaintzak Donostian hiru lagun eta Urnietan bat atxilotu eta beste 40 pertsona identifikatu ditu, Herrizaingo Sailaren arabera. Besteak beste, bozketa guneetan ordena urratzea, ilegalizatutako zerrendaren baten ikurrak eramatea eta Javier Balzaren Sailak bere prentsa oharrean aipatzen ez duen "talde horren" boto-txartelak banatzea egozten diete horiei. Hala ere, Hondarribin gertatu ei den atxiloketaren berri ez dute eman. Uribe Kosta eta Erandion, antza, lasaitasunez joan da eguna. Argazkian, boto-txartel "legalak" hauteskunde gela batean.