Lortutako emaitzak eskuan, "herri hau gidatzeko zilegitasuna" duela adierazi die bere jarraitzaileei Patxi Lopez PSE-EEren lehendakarigaiak, 23:00ak aldera, Bilboko Domine hotelean egindako agerraldian. Hala ere, tentuz ibili da Portugaletekoa, "Ari, ari, ari, Patxi lehendakari!" oihuen artean hartu duten arren. "Inoiz ezagutu gabeko emaitzak dira gure hauek, historiako onenak. 315.000 lagunek eman digute botoa. 40.000 boto irabazi ditugu, hirukoak 63.000 galdu. Hori zen gure ardatza, fronteak bukatzea. Desberdinen arteko akordioak nahi ditu gizarteak. Beraz, zilegitasuna dut herri hau gidatzeko eta ez dut baztertzen lehendakari izateko hautagaitza aurkeztea", adierazi du Lopezek. Baina ez du azken hori guztiz ziurtatu, ezta "desberdinen arteko akordioa" PP edo EAJrekin lotuko duen ere. Bestalde, Juan Jose Ibarretxe EAJko lehendakarigaia "politikoki oso pozik eta pertsonalki hunkituta" agertu da 23:10ean, eta "herri hau gidatzea" EAJri dagokiola esan du. Horretarako beste alderdiekin hitz egingo duela duela iragarri du. Iñigo Urkullu EBBko presidentearen hitzetan, berriz, "emaitza zoragarriak dira EAJrentzat, hiru lurraldeetan, oso onak. Bigarren alderdi bozkatuenari 80.000 boto atera dizkiogu, %8ko aldea. Garaile garenez, prozesua gidatzeko erantzukizuna hartzen dugu eta beste alderdiekin hizketan hasiko gara. Gobernu sendoa eta indartsua osatu nahi dugu, Ibarretxe buru duela. Hiru erronka ditugu: krisiari aurre egitea, bakea lortzea -langa etikoa igoko dugu indarkeriaren aurrean- eta euskal erakundetze sistema sendotzea -herri hau eraikitzeko-". Argazkian, Patxi Lopez aurreko ekitaldi batean.