Martxoaren 8an aborturako eskubidea aldarrikatuko dute Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 2a, 19:06

Aborturako eskubidea aldarrikatzea izango dute ardatz, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Bilgune Feministak Uribe Kosta eskualdean burutuko dituen ekimenak. Asteazken honetan, martxoak 4, zine foruma egingo dute 19:00etatik aurrera, Algortako Villamonteko kultur etxean. Lehendabizi "4 meses, 3 semanas y 2 dias" filma ikusi eta, gero, solasaldia izango dute. Iganderako, martxoaren 8arekin, Algortara arteko bizikleta martxa egingo dute, 10:30ean Sopelatik abiatuta. Helmugara helduta, manifestazioa egingo dute Telletxe plazatik irtenda, 12:30ean, "Emakumeok gure gorputzaren jabe! Abortua ez da delitua, eskubidea baizik!" lelopean. Ondoren, ekitaldia egingo dute Txiki eta Otaegi plazan. Emakumeen Mundu Martxako plataformako kide ere badiren Algortako Emakume Gazteon Asanblada (AEGA), Garrasi eta LAB sindikatuarekin batera deitu du aste bukaerako protesta Bilgune Feministak. Argazkian, 2008ko azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako elkarretaratzea egin zuten, Telletxe plazan, Bilgune Feministak eta Algortako Emakume Gazteon Asanbladak.

"Berdintasunaren diskurtsoa nagusi den arren funtsean ezer gutxi aldatu dela, eta horren adibide garbitzat jo du abortua delitu izaten jarraitzea. Emakumeak bigarren mailako hiritar izaten jarraitzen dugula salatu dute, eta hala, eskubide asko oraindik aitortzeke ditugula. Hori dela eta martxoaren 8an jendarte parekide baten alde kalera ateratzeko deia luzatzen dugu", adierazi du Bilgune Feministak.

"4 meses, 3 semanas y 2 dias"

Cristian Munguiu zuzendari errumaniarrari gertaturiko bizipen batean oinarrituta dago film hau. Olita eta Gabita ikasle egoitza bateko logela berean bizi dira. Biak Errumaniako herri txiki batetako unibertsitatera doaz, komunismoak porrot egin aurreko egunetan. Bebe izeneko gizon batekin geratuta daude arratsaldean. Gabita haurdun dago, abortua legez kanpokoa da eta bietako inork ez du horrelako egoerarik bizi beharrik izan aurretik. 2006an gidoia idaztera ausartu zenean, konturatu zen bere inguruko jende askok antzeko bizipenen inguruko istorioak zituztela, eta ondorioz, mundu osoari kontatu beharreko zerbait zela erabaki zuen.

Errumanian, 1966an ezarri zen abortuaren aurkako legea. Komunismoaren amaiera iritsi zenean, kalkulatzen da 500.000 emakume hil zirela legez kanpoko abortuen erruz. Hau ikusita, 1989an abortoa berriro legezko bihurtu zuten eta lehenengo urtean bakarrik milioi bat abortu praktikatu ziren. Gaur egun oraindik, abortua antisorgailu moduan erabiltzen da Errumanian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun