Nolanahi ere, Urkulluk ziurtatu du oraindik ez dutela galdutzat ematen Lehendakaritza, "EAJ alderdi bozkatuena izan baita" Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Bestalde, jelkideen buruak ukatu egin du inbestidura saioan Ibarretxe ez beste hautagai bat aurkeztuko dutela PSE-EErekin akordioa lortu ahal izateko. "EAJk ez du inor sakrifikatuko", esan du. PSE-EE bezala, EAJ ere prest dago Eusko Jaurlaritzan gutxiengoan gobernatzeko. Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak gaur esan du "igandeko emaitzak ikusi eta gero baztertu ezina" dela "lehendakaria sozialista izatea". "Aldaketaren alternatiba izateko konfiantza daukat", esan du gaur, Bilbon. Gobernuaren "egonkortasuna" bilatuko du. "EAJk behingoz, onartu egin behar du beste alderdi bat dela, ez dela hemengo erregimena edo erlijioa", adierazi du. "Eta ezer ez da pasatuko EAJ oposiziora pasatzen bada". Bitartean, Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidenteak EAJri eskatu dio "fair playz" har dezala oposiziora pasatzea.
Aralar, oposizioan
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak jakinarazi du bere alderdia Eusko Legebiltzarrean oposizioan geratuko dela, aurreko legealdian bezala. "EAJrekin eta PSE-EErekin bilduko gara, entzuteko. Aralarrentzat hau ez da unerik komenigarriena gobernuan ardura zehatzik hartzeko". "Mapa politikoak aldatzen" segituko duela iritzi dio Zabaletak, eta Aralarrek hazten jarraituko duela EAEn. Lau parlamentari lortu zituen igandean.
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak ohartarazi du inbestidura saioan PPk PSE-EEri eman liezaiokeen babesa ez dela musu-truk izango eta, beraz, trukean zer emango dioten argitzeko eskatu die sozialistei. Hain zuzen ere, PSE-EEren ordain politikoa "Arabako Foru Aldundia eta Getxoko Udala" izango direla iradoki du Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean. Getxoko PPk urtarrilaren 16an eskatu zien tokiko sozialistei Imanol Landa alkate jelkidearen kontrako