Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziaren arabera, “hirigintza genero ikuspegitik aztertu nahi dute tailerrek eta, horregatik, helburua hiri segurtasunaren inguruko diagnostikoa egitea da, udalerriko hiri diseinuari lotutako segurtasun arazo nagusiak aztertuz; hala nola, kale azpiko pasabideak, argi gutxi duten lekuak, ikus-eremu gabeko bazterrak... aztertuz”. Mugikortasuna, gune publikoak zaintzeko erraztasunak, bizikidetza, umeen autonomia eta beste gai batzuk ere aztertuko dituzte. “Ondoren genero ikuspegitik hiri mapa egingo dute, hiri debekatuaren mapa alegia, eta jokatzeko proposamena udal zerbitzu teknikariei aurkeztuko diete, udalerriko hiri diseinua egiterakoan emakumezkoak kontuan har ditzaten”, gehitu du udal arduradunak.
Bestelako jarduerak
Jardunaldi horiekin batera, ostiral honetan, martxoak 6, goizeko haurretatik aurrera horma irudia marraztuko dute, bosgarren urtez jarraian, Algortako San Nikolas plazan. Amaitutakoan Urgull kalean kokatuko dute, iaz egindakoa ordezkatzeko. Ondoren, 12:30ean emakume elkarteen eta erakundeen adierazpena irakurriko dute.
Berdintasun Zerbitzuak ere kultur ekitaldi batzuk antolatu ditu. Tartean, martxoaren 10ean, “Mujeres pluscuamperfectas” izenburuko liburua aurkeztuko du Diana Raznovich idazleak, Algortako kultur aretoan, 19:30ean. Hilaren 15ean, berriz, Dar-Dar taldearen eskutik, “Menu del dia” izeneko antzerki lana egongo da ikusgai Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, 19:30etik aurrera. Sarrera 3 eurotan egongo da. Bestalde, martxoaren 17an bisita gidatua izango da Bilboko Arte Ederretako Museora, “emakumeen errepresentazioa artean” gaia lantzeko. Izenemateak doakoak izango dira eta interesatuek Berdintasun Zerbitzura jo beharko dute.
Azkenik, martxoaren 17tik 28ra, Enrique Pimoulier Laspeñas argazkilariaren “Las mujeres en los movimientos indigenas” erakusketa ikusi ahal izango da Itzubaltzeta / Romoko kultur aretoan, Mundubat gobernuz kanpoko erakundearen eskutik.