Otsailaren 18an, asteazkenarekin, Negurin izandako trafiko istripu baten lekukoen bila dabil Ertzaintza. Ezbeharra arratsaldeko zazpiak eta hamarrean jazo zen, Goierri eta Ezkieta kaleen elkargunean. Auto batek bi urteko haurra harrapatu zuen oinezkoen pasabide batean, atzerako martxako maniobra bat egiten ari zenean. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, hasiera batean, autoa gidatzen zihoan emakumezkoa adingabearen egoeraz arduratu zen, baina bere burua eta bizilekua ezagutzera eman gabe alde egin zuen. Hori dela eta, Ertzaintzak autoari edo gidariari buruz informazio argigarririk eskaini dezaketen pertsonen laguntza behar du. Autoaren ezaugarriak honakoak lirateke: ibilgailu txiki bat, seguru asko monobolumen gris metalizatu bat. Gidaria, berriz, 35 eta 40 urteko emakumezko bat da, polizia iturrien arabera, 1,65 eta 1,70 metro arteko altuerakoa, eta ilehoria, xerloekin. Gertakariari buruz informazioren bat eskaini dezaketen pertsonak Getxoko ertzain etxearekin harremanetan jarri behar dira honako telefono zenbakiaren bidez: 944 063 420. Argazkian, Ertzaintzaren trafiko kontrola.