Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko, aste kulturala jarri du abian Itzartu Sopelako emakumeek elkarteak. Besteak beste, emakumeentzako ipuinak, hitzaldiak, proiekzioak, umore ikuskizunak, eta tarta eta dantza lehiaketak izango dituzte, larunbatera bitartean. Gainera, emakumeei zuzendutako olerki, ipuin labur eta margo lehiaketen sariak banatuko dituzte. Horien irabazleak ostegun honetan, martxoak 5, emango dira ezagutzera, 18:00etatik aurrera, Sopelako udaletxeko sarreran. Olerki eta ipuin laburren lehiaketetan, hiruna lan sarituko dituzte gaztelaniaz zein euskaraz idatzitakoen artean; 300, 200 eta 100 euro banatuz, hurrenez hurren. Bestalde, 100 euroko sari berezia eskainiko dute banaketaren egunean errezitaldia egiten duenarentzat. Margo lehiaketan, berriz, bi sari emango dira: lehenengoa 375 eurokoa eta bigarrena 275 eurokoa. Igandean, berriz, Eudelek proposatu eta udal batzarrean adostutako Emakumeen Eguneko adierazpena irakurriko dute, eguerdiko 12etan, udaletxean, Itzartu emakume elkarteko kideen laguntzaz. Argazkian, Imanol Garai alkatea, aurreko batean, Itzartuk antolatutako lehiaketen sariak banatzen.