“Hiri debekatuaren mapa” egitera deitu dituzte Getxo udalerriko emakumeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 5a, 12:06

Aborturako eskubideaz gain, kaleak ere aldarrikatuko dituzte Algortan lan egiten duten Bilgune Feministako kideek, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan. Hori dela eta, “hiri debekatuaren mapa” egiteko Getxoko Udalak antolatutako jardunaldietan parte hartzera deitu dituzte udalerriko emakumezko guztiak. Neska gazteei dei berezia luzatu diete, "guretzako arriskutsuak diren kale, bide, izkina… zeintzuk diren benetan ikus daitezen". Azaldu dutenez, "gure parte hartzearen garrantziaz jabetu behar dugu, mapa ahalik eta errealena izan dadin, eta guri arriskutsu iruditzen zaizkigun gune beltz guztiak zerrendatuta egon daitezen. Gune horiek existitu egiten direlako, alegia". Hala ere, "argi" utzi diete udal agintariei "gune beltzen mapa hau diagnosirako bitartekoa baino ez dela". "Behin gune beltz bezala identifikatutako txoko guztiak gune beltz izateari utzi behar diote ezinbestean, eta arazoaren estrukturaltasuna onartuta, oinarrizko neurriak martxan jartzea dagokie", gaineratu dutenez. Argazkian, 2008ko azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako elkarretaratzea egin zuten, Telletxe plazan, Bilgune Feministak eta Algortako Emakume Gazteon Asanbladak.

Algortan lan egiten duten Bilgune Feministako kideek zabaldutako oharra:

Martxoaren 8a bertan daukagun honetan, abortuaren aldeko aldarria da nagusi. Gure gorputza gurea dela aldarrikatzen ari gara herri guztietan. Oraingo honetan, Algortan lan egiten dugun Bilgune Feministako kideok gure gorputza aldarrikatzearekin batera, kaleak ere aldarrikatu nahi ditugu, eta Udalak antolatutako “hiri debekatuaren mapa” egiteko tailerren inguruan honako hau adierazi nahi dugu:

Batetik, dei egin nahi diegu Getxoko emakume guztiei, eta dei berezia neska gazteoi, udalak burutuko dituen tailerretan parte har dezaten. Guretzako arriskutsuak diren kale, bide, izkina… zeintzuk diren benetan ikus daitezen. Hau da, gure parte hartzearen garrantziaz jabetu behar dugu, mapa ahalik eta errealena izan dadin, eta guri arriskutsu iruditzen zaizkigun gune beltz guztiak zerrendatuta egon daitezen. Gune horiek existitu egiten direlako, alegia.

Bestetik, udal agintariei argi esan nahi diegu gune beltzen mapa hau diagnosirako bitartekoa baino ez dela. Hau da, behin gune beltz bezala identifikatutako txoko guztiak gune beltz izateari utzi behar diotela ezinbestean, eta arazoaren estrukturaltasuna onartuta, oinarrizko neurriak martxan jartzea dagokiela. Gizon eta emakumeon arteko harreman hierarkikoekin eta zapalkuntzarekin amaituko duten zeharkako neurriak aktibatzea ezinbestekoa da-eta.

Emakumeok kaletik, egunez zein gauez askatasunez ibiltzeko eskubidea dugu! Bada garaia errespeta dadin!

Hala ere, ondo dakigu ezin dugu gure itxaropena instituzioen esku soilik utzi behar, hori dela eta, dei egiten dizuegu emakume guztioi antolatzera! Gure eskubideen defentsan lan egitera! Egoera iraultzera!

Dei egiten dizuegu autodefentsa feministara!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun