San Juan jaietarako kartel lehiaketa antolatu dute Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 5a, 12:24

Barrikako Udalak lehenengo aldiz antolatu du San Juan jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa. Aurkeztutako lanek ondoko esaldia izan beharko dute idatzita: “Barrika, Jon Deunaren Jaiak 2009”. Bere neurria 30x40 zentimetrokoa izan behar da, euskarri zurrunean aurkeztuta. Kartelaren irudia CD edo DVD batean ere aurkeztu beharko da, JPG formatuan. Eta horrekin batera egilearen datu pertsonalak itxitako gutun azal baten barruan. “San Juan 2009 Kartelen Lehiaketa” leloa idatzita eduki beharko du kartazalak. Saria bakarra izango da: irabazleak 500 euro jasoko ditu. Hala ere, eman gabe utzi daiteke "aurkeztutako kartelek kalitate nahikoa ez badute", udal iturriek zehaztu dutenez. Sari banaketa maiatzaren 8an egingo da, arratsaldeko zazpietan, Barrikako kultur etxean (Udaletxeko Bidea, 2). Hain zuzen ere, bertan entregatu beharko dira lanak epemuga apirilaren 8ko eguerdiko ordu biak dela. Kultur etxeak 10:00etatik 13:30era bitarteko ordutegia dauka. Argazkian, otsailaren 3an San Blas eguna ospatu zuten barrikoztarrek.

Aurkeztutako kartelak Barrikako kultur etxean eta udal webgunean izango dira ikusgai. Saritutako lanaren jabea Barrikako Udala izango da eta bere esku egongo da erakusgai jarri, berregin edo argitaratzeko eskubidea. Argibide gehiago, Barrikako kultur etxean (Udaletxeko Bidea, 2 - Txintxilandia), 946 775 163 telefono zenbakian edo udaleko webgunean: www.barrika.net
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun