Ume eta gazteentzako Aste Santuko ekimenetan izen-ematea zabaldu dute Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 5a, 14:09

Leioako Euskara Zerbitzuak antolatutako Txilinbueltaka eta Gazterpe ekimenen Aste Santurako egonaldietan izen-ematea zabaldu dute. Udal iturriek jakinarazi dutenez, ekimenen helburua "aisialdian euskarazko gune bat izatea da". Ekintzak Nafarroan egingo dira eta Leioan erroldatutako ume euskaldunei zuzenduta daude. Txilinbueltaka programaren barruan, 7 eta 12 urte bitarteko ume leioaztarrentzat egonaldia antolatu da Arantzako aterpetxera. Bestetik, Gazterpe programan 12 eta 16 urte bitartekoentzat Bertizko aterpetxera irtenaldia antolatu du Euskara Zerbitzuak hainbat ekintzekin batera (rafting, piragua...). Irteera biak apirilaren 14tik 17ra izango dira eta bertan parte hartzeko betebehar bakarra gazte hauek leioaztarrak eta euskaldunak izatea da. Argibide gehiagorako eta izen ematea egiteko Euskara Zerbitzuarengana jo daiteke euskarazerbitzua@leioa.net posta elektronikoa edo 946 072 576 telefonoaren bidez. Izena emateko epemuga martxoaren 11a izango da. Argazkian, Getxo udalerrian egiten duten Bapiruke euskarazko aisialdiko umeak magia saio batean adi-adi.

Gazterpe Abentura

1993 eta 1996 bitartean jaiotakoentzako ekimena da, 12 eta 16 urte bitartekoentzakoa, beraz. Apirilaren 14tik 17ra egingo da irteera, Pazko Astean, Narbarte udalerriko Bertiz aterpea egoitza izango dutela. Gaztetxoek Bertizko Aventura Park-en emango dute denbora gehien rafting eta piragua kirolak praktikatzen. Gainera, Elizondoko arroilak jaisteko aukera izango dute. Prezioa 74,20 eurokoa da.

Txilinbueltaka

Txilinbueltaka programan urteko bigarren irtenaldia egingo dute Nafarroako Arantza herriko aterpetxera 1997 eta 2002 bitartean jaiotako Leioako ume euskaldunak. Irteera apirilaren 14an egingo dute Udaletxeko parking-etik, goizeko 9etan. Buelta, berriz, 17an izango da, leku berean, 17:30ean. Prezioa 74,20 eurokoa izango da. Dagoeneko, ume leioaztarrentzako hurrengo irteera prestatzen ari dira Txilinbueltakakoek. Pasaiara joango dira maiatzaren 22tik 24ra.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun