AAMren oharra:
Manex Castro torturatua izan da inkomunikazioak iraun duen bost egunetan
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Balzaren dimisioa eskatu du eta hau PNVk PSOEri egiten dion ordain politikoa dela adierazi du. Mobilizazioak izango dira Villabonan gaur eta bihar.
Informazioa:
Manex Castro gaur eraman dute entzutegi nazionalera eta epaileak bera espetxeratzeko agindua eman du, inkomunikazioa altxatu ondoren.
Inkomunikatua eduki duten 5 bost egunetan Manex Castro torturatua izan da Ertzaintzaren eskuetan:
- Atxiloketan eta hasierako momentuan kolpeak eta bultzadak eman zizkioten.
- Mehatxuak etengabeak izan dira. Bere amaren gainean mehatxatu dute, bere lagunen gainean, senideen gainean. Bere ingurukoak atxilotuak zeudela esan diote. Guardia zibilaren eskuetan utziko zutela mehatxu egin diote.
- Postura fortzatuetan edukitzera behartu dute, ertzainak gainean esertzen zitzaizkiolarik.
- Ez diote lo egiten utzi behartutako deklarazioa egin duen arte.
- Hasiera batean deklaratzera ukatu zen baina egoera jasangaitza egin zitzaion eta beharturik deklarazioa poliziala egin du. Ertzaintzak behartu du Manex deklarazio poliziala egitera.
Manexek adierazi du bost egunak jasangaitzak egin zaizkiola eta horrek behartu duela polizia deklarazioa egitera. Epailearen aurrean dena ukatu du eta adierazi du mehatxu eta presioak bultzatuta egin duela deklarazio poliziala.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren salaketa:
Ezer baino lehen Balza sailburuaren dimisioa eskatzen dugu, Manex Castrok jasandako torturen arduradun politikoa delako.
Gure aldetik larritasun handiz jaso dugu Ertzaintzak berriz ere euskal herritar bat torturatu izana. Argi dugu honen atzean PNVren erabaki politikoa dagoela. PNVk erabaki du Ertzaintzak berriz tortura erabili dezatela.
Ibarretxe eta Urkulluri galdetu nahi diegu ea PSOEri proposatu dioten akordio handi horrek bere egiten duen torturaren erabilera, eta gaurtik aurrera berriz ere ertzainak guardia zibil eta espainiar poliziekin batera euskal herritarrak sistematikoki torturatuko dituzten. Hau PNV boterean mantentzeko PSOEri egiten ari den eskaintza da gure ustez, argi eta garbi.
Inkomunikazioa eta torturaren aurkako lotura ezin ageriago gelditu da berriz ere. Ertzainek inkomunikazioa aplikatu ez dutenean ez da inolako tortura salaketarik egon, eta hiru urteren ondoren lehen aldiz inkomunikazioa erabili dutenean tortura kasu baten aurrean aurkitzen gara.
Amnistiaren Aldeko Mugimendutik PNVk eman duen urratsaren larritasuna azpimarratu nahi dugu. Aste honetan bertan 15 guardia zibil epaitzeko erabakiaren berri izan dugu eta hiru aste dira NBEaren begirale batek inkomunikazioaren eta torturaren gainean ohartarazi duela espainiar estatua. Hipokresia galanta da Eusko jaurlaritzak Portu eta Sarasolaren tortura kasuak ikertzeko eskatu duten aste berean beraien poliziak euskal herritar bat inkomunikatu eta torturatzea. Hipokresia galanta da beraien protokoloak eredugarritzat jo eta nahi izan dutenean bost eguneko inkomunikazioa erabiltzea.
Azkenik Iñigo Lamarka Arartekoaren jarrera salatzea dagokigu. Atzo Manexen senideei ziurtasun osoz adierazi zien Manexek tratu egokia jasoko zuela, baina bera hori esaten ari zen bitartean ertzainak Manex torturatzen ari ziren. Lamarkak gaineratu zuen atxilotua Deustun edo Arkauten egongo zela, bertan daudelako kamarak ongi egokituak. Baina Manex Oiartzungo komisaldegian eduki dute. Hemen kamararik ba ote dagoen galdetzen dugu guk eta hala bada erakutsi ditzatela gaur bertan atxiloaldiaren irudiak.
Atxiloketa eta torturen aurka Villabonan gaur eta bihar egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu. Gaur arratsaldeko 19:00etan plenoa burutuko da herriko udalean eta bihar eskualde mailako manifestazioa egingo da Villabonan, arratsaldeko 19:30etan plazatik abiatuta.