Jeltzaleek Legebiltzarreko bi proposamen garrantzitsu haiei eman zieten babesaren ondoren, pentsatzekoa zen Ertzaintzak ez zuela nazioartean torturaren kontra diharduten erakundeek ozen gaitzesten duten neurri hori berriro erabiliko, ez behintzat jeltzaleen babesarekin, baina errealitate penagarria izan da inkomunikatzen jarraitu dutela: joan den urtarrilaren 17an Urbinan atxiloturiko AHTren aurkako hainbat manifestari inkomunikatzeaz gain, Audientzia Nazionalera eraman zituzten terrorismoarengatik epai zitzaten.
Agintari jeltzaleek ez zuten txintik esan horri buruz, eta horrenbestez oso garbi geratu zen urte batzuk lehenago babesturiko bi proposamen haiek, Audientzia Nazionala desegin eta inkomunikatzearena bertan behera gera zedin, hipokrisia hutsez babestu zituztela. Eta Ertzaintzaren torturekin behin behingoz amaitzeko erabaki politikoa hartu beharrean izan baziren ere, aurretiko egoerara buelta zitezkeela, behar adina zirrikitu utziak baitzituzten, hala erabakiz gero, berriro torturatzeari ekin ziezaioten.
Urbinan atxiloturiko manifestariekin gertatua horretarako baldintzak prestatzen ari zirenaren lehen seinale beldurgarria izan genuen, eta zoritxarrez iragarpen gaiztoenak egiaztatu egin dira: bost urte luzeren ondoren, ertzainek torturatzeari ekin diote berriro haien komisaria batean.
Villabonako Manex Castro gazteak torturak salatu dizkio Audientzia Nazionaleko epaileari. Inkomunikaturik eduki duten bost egunak jasanezinak egin zaizkio: atxiloketa unetik hasi ziren kolpeak eta etengabeko mehatxuak jasan ditu, batetik senide eta lagunei buruz eta bestetik Guardia Zibilen esku uztearekin, beharturiko postura eta ariketa fisikoak eginarazi dizkiote eta bere buruaren kontrako aitorpenak sinatu dituen arte loa galarazi.
Beraz, haien betiko tortura metodoak berreskuratu dituzte, eta agintari jeltzaleek inongo kezkarik ez dute agertu, horrek argi eta garbi erakusten duelarik agintari horien babes osoa izan dutela hala jokatzeko. Are gehiago kontuan hartzen badugu azken urte hauetan gertatua.
Izan ere, agintari jeltzaleek ahaleginak eta bi egin baitzituzten nazioarteko erakundeek eta Euskal Herrian torturaren aurka borrokan dihardugunok oso aspalditik eskatzen genituen prebentzio neurriak oztopatu eta atzeratzeko, eta soilik beste erremediorik geratu ez zitzaienean hartu zuten gutxieneko eraginkortasuna izan dezakeen orain arteko neurri bakarra: inkomunikaturiko atxilotuak ere grabatzen hasiko zirela agintzea.
Hala ere, agindu zutenetik hiru urte luze eta erdi igaro diren honetan, ez dute oraindik ere neurri hori behar bezainbesteko bermeekin aplikatzen, bitartean Arartekoak horri buruz hamaika ohar, kexu eta kritika luzatu badizkie ere Barne Saileko agintariei. Alfer-alferrik.
Eta gainera Poliziak eta Guardia Zibilak torturaturikoei froga eske jarraitzen dute, ederki dakiten arren inkomunikazioak ia-ia ezinezko egiten duela han barruan gertatzen diren izugarrikeriak frogatu ahal izatea, eta horrenbestez inkomunikatuak hain erraz graba ditzaketen agintariei dagokiela frogatzea torturarik izan ez dela.
Horren ordez, betiko leloarekin jarraitzen dute: epaileek izan behar omen dute kasu horiek argituko dituztenak. ¡Jakingo ez bagenu bezala nortzuei exijitzen dizkieten epaile horiek ezinezko frogak eta nortzuei ez dieten eskatzen ezta begi bistakoa dena!
Hori bai, Gazteiz eta Madrilgo agintariek atxiloaldi osoko grabazio horien manipulazioa ezinezko egingo dituzten berme guztiak eman behar dituzte, eta begi bistakoa da ez batzuek ez besteek dutela inongo interesik horretarako. EAEko Arartekoak urteak daramatza lanean horren atzetik. Bitartean, espainiar Arartekoaren jokaera guztiz kontrakoa izan da. Eskerrak nazioarteko erakundeen presioa gero eta zorrotzagoa den!
Martxelo Otamendik duela urtebete Berrian argitaraturiko artikulu batean oso egoki zioen bezala: «Eusko Jaurlaritzak behingoz erabaki beharko du zer egiten duen torturarekin. Edo badagoela eta egiturazkoa dela onartu eta behar diren neurri politikoak hartu, edo badagoela ukatu eta ezer ez egin.
Lehen aukeran -torturatu egiten da eta egiturazkoa da-, erabaki politiko sendoa hartu beharko du; harreman administratiboak (edozein eratakoak) eten beharko ditu tortura zilegi egiten duen administrazio batekin. Are gehiago ez du bilera operatibo gehiagorik egingo torturatzen duten gorputz polizialen arduradunekin, ez lan bilerarik ez protokolo bilerarik. Ezinezkoa litzatekeelako egun batean tortura badagoela onartzea eta hurrengoan bilera egitea torturatu dutenen arduradun operatiboekin».
Martxeloren artikuluak "Erabaki politikoa behar da" zuen izenburua eta argi dago agintari jeltzaleek hartua dutela erabakia, baina ez dela izan Martxelok eskatu ziena oso bestelakoa baizik: ez dute soilik erabaki Polizia eta Guardia Zibilaren torturei behar bezala aurre ez egitea; hori baino askoz ere erabaki politiko larriagoa hartu dute, Manex Castrorekin gertatua lekuko.
Eta horrenbestez, gure esku dago hain erabaki politiko larriari berriro ere uko egitea beste erremediorik izan ez dezaten. Duela urte batzuk lortu genuen, eta berriro ere lortuko dugu. Bai horixe!
Behin betirako izango ahal da oraingoan!
Xabier Makazaga (Torturaren Aurkako Taldeko kidea)