Algortako Iturribarri eta Konporte aldeetan Getxoko Udalak sustatutako babes ofizialeko 32 etxebizitzetatik 19 baino ez dituzte banatu gaur goizean. Zozketa notarioaren aurrean burutu da Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegian, Imanol Landa alkatea bertan zela. "Zoritxarrak eragin du zozketa bertan behera geratu behar izatea zenbakietako bolak zituen bonboa zabaldu eta horietariko batzuk erori direlako", udal iturriek azaldu dutenez. 32 etxebizitzetatik ezintasunak dituzten pertsonentzako biak, guraso bakarreko familiarentzako biak, kupo orokorrerako seiak eta 35 urtetik beherakoentzat zeuden 22etatik 9 eman ahal izan dira. Udalak gainontzeko 13 etxebizitzak esleitzeko data jakinaraziko du; baita itxarote zerrenda ere. Bitartean, Leioan ere eguerdian egin dute Txopoetako 13 BOEren zozketa, Sakoneta kiroldegian. Argazkian, Gobela kiroldegian egindako zozketa.