"Gaur egun, Hego Euskal Herrian, abortua delitu kontsideratzeak emakumeongan segurtasun falta izugarria sortarazten du. Emakumeak delitugile egiten gaituzte eta haurdunaldiaren borondatezko eteteak praktikatzen dituzten medikuak ere jo puntuan daude", erakunde feministek atzo salatu zutenez. Eskuina, eliza eta Provida bezalako erakundeei presioa egitea egozteaz gain, "determinazio faltaz eta faltsukeriaz" jokatzea egotzi zieten ezkerreko alderdiei. Hori dela eta, emakume gehienek klinika pribatuetara joaten dira abortatzera. Are larriagoa da Nafarroako egoera: klinika publikoa ala pribatua izan inon ez dute aborturik praktikatzen. Espainiako legeriak haurdunaldia etetea hiru kasutan baino ez du baimentzen: haurdunaren osasun fisiko zein psikologikorako arrisku larria ekiditeko beharrezkoa bada, haurdunaldia bortxaketa-delitu baten ondorioa bada, edota aurreikusten bada umekia tara fisiko edo psikiko larriekin jaioko dela.
Entzun Algortako ekitaldiaren audioa (mp3)
Sopela zein Erandiotik, bi zutabetan, Algorta arteko bizikleta martxa egin ostean, 135 gizon-emakume inguruk egin zuten manifestazioa, atzo eguerdian, Telletxe plazatik abiatuta, "Emakumeok gure gorputzaren jabe! Abortua libre eta dohakoa!" lelopean. Oraindik orain, abortua "delitua" dela eta, beraz, horretarako "eskubidea urratuta" dagoela salatu zuten horrela Emakumeen Mundu Martxako plataformako kide diren Algortako Emakume Gazteon Asanbladak (AEGA), Garrasik, LAB sindikatuak eta Bilgune Feministak. Manifestazioaren ostean egindako ekitaldian, "abortu libre eta doakoa" eskatu zuten. Arratsaldean, berriz, 80 bat lagun batu zituen Itzubaltzetako Emakume Gazteon Asanbladak deitutako ekitaldia, Santa Eugenia plazan. Argazkian, Algortako manifestazioa. Argazki gehiago ikusteko