Bihar abiatuko dira Getxoko Udazkeneko Kontzertuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 9a, 19:36

Asteartetik larunbatera bitartean izango dira Getxo udalerrian, Udaberriko Kontzertuak izeneko jardunaldiak. "Musika klasikoaren aberastasuna erakustea dute helburu nagusi eta aurten talde eta errepertorio anitz ekarriko dituzte gurera", tokiko kultur iturriek adierazi dutenez. 24. ekitaldian, emanaldiak Erredentore elizara itzuliko dira -iaz Getxo Antzokian egin ziren-, azken saioa izan ezik, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izango baita hori. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da. Aurten La Capilla Real de Madrid taldeak emango dio hasiera bihar zikloari. Ahots eta musika talde horrek lan handia egiten ari da sortu zenetik antzinako musikaren arloan eta garaiko musika tresnak erabiltzen ditu. Algortako saioan interpretatuko duen egitaraua Monteverdiri dedikatuta egongo da. Argazkian, La Capilla Real de Madrid taldea.

Bigarren egunean, Iturriaga laukotea arituko da zikloan. Hari-instrumentuen talde horrek nazioarteko jarduera gailena du eta bere errepertorioa oso zabala da. Algortan, Bachen, Mozarten eta Bartholdyren konposizioak joko dituzte. Zikloaren erdialdean, Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoa jardungo da. Eskarmentu handiko taldea, 1963an eratu zen eta herri klasikoak dira nagusi bere errepertorioan. Bere moldaketen originaltasuna eta kalitatea taldearen ezaugarri nagusietako bat da. Biharamunean Victoria ganbera taldeak hartuko du lekukoa. Hari-instrumentuen zazpikote errusiarrak errepertorio zabala du: Barrokoan hasita eta XX. mendeko hasierako herri klasikoetara arte.

Talentu berriak

Azkenik, agur esango du zikloak datorren urtera arte "Talentu Berriak" atalaren eskutik, etorkizun handiko musikarien lana bultzatzen duena. Aurten horren protagonista Mario Lerena piano-jole getxoztarra izango da. Bere saioan, musikazaleek Larragañagaren, Solerren, Egigurenen, Debussyren, Granadosen eta Albenizen piezak gozatzeko aukera izango dute, besteak beste, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun