Maiatzean has litezke Gizarte Zerbitzuen bulegoa Algortan jartzeko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 9a, 20:02

Getxoko Udalak bere jabegokoa den Urgull kaleko eraikinaren lehenengo eta bigarren solairuak zaharberritzeko lanak egiten hasiko da, Algortan ere Gizarte Zerbitzuen arretarako bulegoa zabaltzeko. Horrela, Itzubaltzeta / Romon martxan dagoenerakin eta Getxoko Urduña mendate kaleko nagusien etxean jarri nahi dutenarekin, Gizarte Zerbitzuen deszentralizazio prozesua amaituko da. “Gainera, horrela, egoitza horiek beste erakunde batzuek ematen dituzten zerbitzuetarako eta laguntzetarako atea ere izango dira, joan den abenduaren 5ean onartutako Legeak eskatu bezala”, azaldu du erreforma proiektuaren aurkezpenean Imanol Landa alkateak. Une honetan lanak agintzeko prozesua martxan dago eta ziurrenera maiatzerako edo ekainerako has litezke. Lau bat hilabete iraungo dute, udal iturrien arabera. Beraz, urtearen amaierarako bukatuta egotea espero dute, Urduña mendateko egoitzako lanak bezala. Argazkian, Urgull kaleko eraikina.

Erreforma lanak lehenengo eta bigarren solairuetan izango dira, 448 metro koadroko azalera erabilgarria izanik (224 metro koadro solairu bakoitzeko). Solairu bakoitzeko lanen aurrekontua 300.000 eurokoa izango da, guztira 600.000 euro, Espainiako Gobernuak onartutako tokiko inbertsiorako estatuko fondotik datorren dirua, hain zuzen. “Algortan zabalduko diren Gizarte Zerbitzuak martxan jartzearen beste helburu bat izango da gaur egun Martikoenan eta Foru kalean dauden langileak batzea. Horrek zerbitzu hobeagoa eskaini ahal izatea suposatuko du, baliabideen maximizazioari eta sinergiei esker”, gaineratu du alkateak. Guztira 30 bat lagun arituko dira lanean Algortan.

Zerbitzuak

Lehenengo solairuan, erabiltzaileak zuzenean artatzea eskatzen duten zerbitzuetarako bulegoak izango dira, “tartean informazio, orientazio eta aholkularitza zerbitzua, diagnostikoak egitea, diru laguntzak, familia eta gazteekin gizarte alorrean esku-hartzeko zerbitzua, etxez etxeko laguntza zerbitzua, babespeko apartamenduen gestioa eta beste sail batzuekin kolaboratzeko zerbitzua, besteak beste, Behargintzarekin, Heldurekin eta Udaltzaingoarekin”, azaldu du Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Bigarren solairuan, zuzendaritza taldearen, zinegotziaren, drogamenpekotasuna prebenitzeko, inmigrazio eta gizarte eta hezkuntzako esku hartzeko zerbitzuko teknikarien bulegoak izango dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun