Koska Irratiak denboraldi berria aurkezteko jaia egingo du larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 10a, 13:28

Uribe Kostako Koska irrati libreak herritarrengana heltzeko eta informazio eta entretenimendu gehiago eskaintzeko lan gogorra egin du azken hilabeteotan eta horren fruitu den udaberri-uda denboraldi berria aurkezteko jaia antolatu du larunbaterako, Itzubaltzeta gaztetxean. Arratsaldeko 8etatik aurrera, antzerkia, luntxa, bideo emanaldia, inprobisazioak, Feos Pero Majos taldearen azken kontzertua eta giro aparta iragarri dute "ahotsik gabekoen ahotsa" izatea aldarrikatzen duen irratiaren kideek. Zortzigarren urteurrena abenduan bete bazuten ere, uhinen bidezko mezulariak ez datoz atzera begira ezta aitona-amonen antzinako gerra galduak kontatzera ere. Egunerokotasunari eta etorkizunari aurrez aurre begiratu eta uribekostar guztiekin komunikatzeko etxeraino ekarriko dizkiguten gonbidatuak aurkeztuko dizkigute, bai Koskaren programazioa egiten duten esatari eta teknikoak eta baita irrati horren bidez jarrai daitezkeen Info7 irratiaren eta Arrosa Sarearen beste hainbat programa ere. Argazkian, Sopelako Ander Deuna ikastolako DBHko 1. mailako ikasleak 2006ko udan, Koska irratia ezagutzen.

Koska Irratiaren oharra:

Badator Koska Irratiko denboraldi berriaren aurkezpen jaia!!!!!

FMko 108a berrituta dator: eduki berriak, saio berriak eta lagun berriak! Koska Irratiak, Uribe Kostako irrati aske eta euskalduna, zuregana heltzeko eta informazio eta entretenimendu gehiago eskaintzeko lan gogorra egin du azken hilabeteotan. Horren emaitza da martxoaren 14an Itzubaltzeta Gaztetxean aurkeztuko dugun programazio berria! "KoskaBerri albistegia", "Munduko Sustraiak", Arrosa sarea, "UKberri magazina", "Pastadun Betaurrekoak", "Gazte Uhinak", "Finean Nafarrak"... zuetako askorentzat agian ezagunak izango dira izen guzti horiek. Ezagutu ala ez, orain duzu aukera!

Arratsaldeko 8etatik aurrera, antzerkia, luntxa, proiekzioa, inprobisazioak, Feos Pero Majos taldearen azken kontzertua eta giro aparta izango dituzu! Hori guztia, Koska Irratia ezagutu eta gure uhinetan murgil zaitezen. Guztion artean eraikiko dugu Uribe Kostak behar duen irrati herrikoia!

Zabaldu berria zure lagun eta etsaien artean! Martxoaren 14an, arratsaldeko 8etan, Koska jaia Itzubaltzeta Gaztetxean! Gonbidatuta zaude!

Koska irratia, 108.0 FM
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun