Ume eta helduentzako liburutegi bana jarriko dute Gobela kiroldegian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 10a, 20:13

Getxoko Udalak umeentzako zein pertsona helduentzako liburutegi bana jartzeko guneak egokituko ditu Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegian. Koldo Iturbe Kultura zinegotziak aurreratu duenez, “liburutegi hauek ordezkatuko dituzte gaur egun Areetako kultur etxean eta udal euskaltegiko eraikinean daudenak”. Tokiko arduradunaren arabera, Gobelako lan berriek udal liburutegien sarea hobetuko dute, Santa Eugenia plazako kultur zentro berria eregiten den bitartean. Areto bien arteko azalera, gutxi gora behera, 430 metro koadrokoa izango da. Bertan, guztira, 35.000 liburuk osatutako fondoa jarriko dute, Romo eta Areetako liburutegietatik heldutako kopiak kendu eta gero. Zerbitzu berriak udaren ostean ateak irekiko dituela aurreikusita dago. Argazkian, Koldo Iturbe Kultura zinegotzia.

Lehendabiziko aretoa bereziki publiko helduari egongo da zuzenduta. Ondoko guneak izango ditu: harrera, informazio, erreferentzia, mailegu eta erabiltzailearen arretarako gunea; nobedadeak erakusteko gunea, erakusketak gaika eta ordenagailuak (fondoak kontsultatzeko eta Interneten sartzeko ordenagailuak); irakurri eta kontsultak egiteko mahaiak; liburuen gordailu irekia (sarrera librearekin); biltegi txiki bat; eta zerbitzuak.

Umeentzako liburutegia

Bigarren aretoa, ume eta gazteei zuzenduta egongo da, eta bertan publiko orokorrarentzako multimediako bildumak ere hortxe egongo dira. Guneak ondorengoak izango dira: harrera, informazio, erreferentzia eta erabiltzaileen arretarako gunea; atezaindegia; reprografiaren autozerbitzuko gunea; mediateka (fonoteka eta bideoteka), sarrera librearekin; aldizkarien, “Munduko Egunkariak” zein bertoko egunkarien hemeroteka; ordenagailuen gunea (katalogoa kontsultatzekoak eta Interneten sartzeko ordenagailuak); ume eta gazteentzako gunea, sarrera librearekin; kontsultetarako eta irakurtzeko mahaiak; txiki-txokoa, txikienei bereziki zuzendutako gunea, non eskolako bisitak eta ipuin kontalariak ere izango diren; eta komunak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun