Seigarren urtez jarraian, Euskal Herrian eta euskaraz egindako film laburrak biran jarri ditu
Topaguneak Film Laburren VI. Zirkuitua dela medio. Euskara elkarteen federazioari eta
Berbots Erandion Euskaraz taldeari esker, bihar, asteazkena,
8 film labur (pdf) ikusteko aukera izango dute Erandio eta Uribe Kostako zinemazaleek. Horretarako hitzordua Astrabuduako Josu Murueta kultur etxean jarri dute, arratsaldeko 7:30ean. Ordu batez, "Lo bakarrik", "Musika", "Berde", "Egiatik gezurrezko bizitzara", "Poema baten irakurketa Euskal Herrian", "Kabia", "PD. Ondo ibili" eta "Bankuaren lapurreta" filmez gozatu ahal izango da, azken hirurak Leioako campuseko ikasleek zein ikasle ohiek egindakoak direla. Gainera, "Kabia" film laburraren egileetako bat, Eider Rodriguez, proiekzioen osteko hizketaldian izango da, berari zalantza guztiak galdetu ahal izango zaizkiola: nolakoa da zinemaren mundua, filmak egiteko prozesua, bere proiektuak, eta abar. Guztira, 47 emanaldi daude aurreikusita Film Laburren VI. Zirkuituan, tartean Parisen edo Shangain egitekoak direnak. Uribe Kostan, berriz, ez da emanaldirik programatu. Argazkian, "Kabia" filmaren egileetako batzuk.