Laborantza ekologikoko hastapen ikastaroa antolatu dute Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 11a, 17:38

Ortu txiki bat sortzeko eta barazkirik ohikoenak lantzeko modua erakusten eta nekazaritza ekologikoaren galderarik oinarrizkoenei erantzuten saiatuko dira, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak antolatutako ikastaro berrian. Horretaz gain, agertu ahal diren arazo gehienak konpontzeko argibideak emango dituzte. Ikastaroak hiru modulu teoriko eta praktiko izango ditu, 12 ordu iraungo du eta irail eta azaroan egingo da. Asteburuan emango da, 17:00etatik 19:00etara, ostiraletan, eta 10:00etatik 12:00etara, larunbatetan. Zati teorikoa mankomunitatearen instalazioetan emango da ostiraletan, eta zati praktikoa Urdulizen dagoen ortu partikular batean hurrengo egunean. Zati praktikoan landarako arropa eraman beharko da. Tokiko arduradunek zehaztu dutenez, plazen kopurua mugatua da. Beraz, horiek erreserbatzeko kontuan hartuko da, izena emateko orria zein egunetan entregatu den. Inskripzio orria mankomunitatearen webgunean (www.uribekosta.org) deskargatu ahal da, edo bestela erakundearen bulegoan edo berori osatzen duten udaletako edozeinetan eskuratu. Izena emateko orri hori mankomunitateko bulegoetan, soilik, entregatu ahal izango da. Ikastaroan parte hartzeko nahitaezkoa da Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Sopela, Urduliz edo Plentzian erroldatuta egotea. Argazkian, hainbat lagun laborantza ikastaroan.

Lur-zati bat daukaten txalet motako etxebizitzak, adosatuak, duplexak... gero eta ugariagoak direnez, eta horien jabe askok ortu txiki bat landu edo sortzeari buruzko interesa agertu dutenez, ingurumena gehiago errespetatuko duen teknika eta kontzientzia bultzatzen saiatzeko hastapen-ikastaroa antolatu du Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak. Azaldu dutenez, "jada urte asko eman dira laboreetan nekazaritza industrializatu eta intentsiboaren aldean teknika biologiko edo ekologikoak lantzen; ez nostalgiara itzultzeko asmoz, baizik eta lurrak ematen dizkigun produktuak lortzean lurrari berari desoreka edo kalte larririk eragiten ez dioten teknikak berreskuratzeko, eta aldi berean barazki osasungarriago eta zaporetsuagoak lortzeko". Nekazaritza biologikoak bizitzaren erritmo naturalak errespetatzen ditu, tokiko arduardunen hitzetan, eta produktuen kalitatea nahiz pertsonen osasuna bilatzen ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun