Patxi Lopezen balizko Gobernu autonomikoak Gernikako Estatutua bete eta "estatutu berria" egiteko "erronkak" izango lituzkeela esan du gaur
Idoia Mendia Barrikako PSE-EEren zinegotzia eta Gasteizko legebiltzarkideak. Euskadi Irratiaren
"Faktoria"n esan bezala, Mendiak ziurtatu du PSE-EEk egin nahi duen Gobernuak arazoak "guztion artean" konpontzen saiatuko dela. Zehatz mehatz, hiru ardatz nagusi egokitu dizkio Gobernuari. Lehenengoak krisialdi ekonomikoa eta "bakea eta terrorismoarekin bukatzea" lirateke, "denon akordioak behar" dituzten gaiak. Hirugarren ardatza, ordea, "Gernikako Estatutua alde batetik betetzea eta, beste batetik, badaude sentsibilitate politikoak hemen, Euskadin, ez daudenak ados orain daukagunarekin eta, horrexegatik, guztion artean akordioa lortzen bada, erronka polita izango litzateke estatutu berria egitea", Espainiako beste erkidego batzuetan egin bezala, Mendiaren iritziz. Edozein modutan, garrantzitsutzat jo du batera aritzea "Gobernuan daudenak eta oposizioan egongo direnak".